2011n hasitako tradizioari jarraituz, ongietorria egingo diete iazko Pentekosteetatik aurtengoetara mundura etorri diren jaioberriei. Ekitaldia ekainaren 4an, zapatua, izango da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 11:30ean hasita. Bertan jarriko diete txikitxoei zapia banan-banan. Ondoren, argazki bateratua aterako dute udaletxearen kanpoaldean; zehazki, San Pedro kalean.
Udalak dagoeneko bidali dizkie ongietorrian parte hartzeko gonbidapenak 105 jaioberriei. Hala ere, Udalak berak aurreratu duenez, aurten, "aurreko jaietatik hona Bergaran erroldatuta ez dauden baina Bergararekin lotura duten haurren familiek, hala nahi badute, ekitaldian parte hartu ahal izango dute".
Hamaikagarrenez egingo dute aurten "jaioberriak jaietan integratzea" helburu duen egitasmoa. 2020an, pandemiagatik bertan behera geratu zen, eta, joan den urtean, osasun neurriek baldintzatu zuten ekitaldia. Dena den, "aurten pandemia aurreko egoerara bueltatuko da ekitaldia".
Gurasoen poztasuna
Xuban, Sare eta Aiur azken Pentekosteetatik hona jaio diren hiru haurtxo dira, eta ekainaren 4an zapiaren ekitaldian parte hartuko dutela baieztatu duten euren gurasoek.
Nerea Madariagak eta Idoia Igartuak lehenengo semea dute Xuban, eta ilusioz hartu dute parte hartzea: "Guk betidanik helduen zapia jantzi izan dugu, eta orain, txikien horrek ere ilusioa egiten digu. Azkenean, desberdina izango da. Aurreneko jaiak izango dira Xubanekin; poztasuna ematen digu hark parte hartzeak eta ongietorria egiteak".
Mikel Elkororen eta Olmar Elejagaren bigarren haurra da Sare. Danelek duela urte batzuk izan zuen aukera zapia janzteko, eta alabarekin errepikatuko dutela diote, "oso polita" iruditu zitzaielako. Bestalde, egun hori kinto bereko haurrak ezagutzeko egun aproposa dela nabarmendu du Elkorok: "Azkenean, gure alabaren lagunak izango dira".
Oihane Agirre eta Ander Meabe, berriz, oporretan joatekoak ziren Aiurrekin, baina, azkenean, planak aldatu eta Bergaran geldituko dira. "Gutuna jaso nuenean, emozionatu ere egin nintzen. Polita iruditzen zait, eta harentzat ere oroitzapen polita izango da. Txikitatik Bergarako jaietan sartzeko aukera polita da, ezta?", dio Agirrek.
Lagunekin elkartzeko aitzakia
Denentzat dira festa egunak, eta hiru familiek antzerako plana egingo dute talde-argazkia atera ostean: familiarekin edo lagunekin bazkari ederra. Xubanen gurasoen kuadrillan, esaterako, badira ekitaldian izango diren beste haur gehiago. "Kuadrillakoak denok batera joango gara, eta ondoren, bazkaria egiteko asmoa daukagu".
Aiurren gurasoak ere festarako prest daude. Oihane Agirrek hauxe adierazi du: "Kanpoan egon naiz bizi izaten zazpi urtez, eta, azkenean, gauzak ikusteko eta Bergarako jaietan disfrutatzeko gogoz gaude. Gure laguna den arabar bikotearekin bazkalduko dugu, eta gero, kalera irteteko asmoa daukagu".
Sareren kasuan, duela aste eta erdi jaio zen, eta jaietako zapatuan hiru aste inguru izango ditu. Hori dela eta, familiak ere ongietorria egingo dio, bi gurasoen familiekin bazkaltzea baita asmoa.