Seminarioko patiora itzuliko dira Bergarako zezen eta bigantxak

Hasier Larrea 2022ko eka. 1a, 10:08

2019ko Pentekoste jaietan, errekortadoreak balantzinarekin erakustaldia egiten, bigantxaren aurrean.

Pandemia osteko lehen zezen-ikuskizunez gozatuko dute bergararrek, zapatutik martitzenera bitartean. Bergarako Zezenak ganadutegiko animalien ahala eta ausardia neurtuko dituzte errekortari iaio, gazte eta kuadrillek.

Bergarako Zezenak ganadutegiak bere eskumeneko 200 animaliak mantentzearen aldeko apustua egin zuen pandemia garaian, "gastu moral eta ekonomiko handia" jasanda ere. Hala laburtu du ikuskizunik antolatu gabe egon behar izan duten garaia Iñigo Almorzak. Meritua ez da makala izan, kontuan hartuta "egoerak behartuta Espainiako ganadutegi askok egin dutela zezenak sakrifikatzearen alde", Almorzaren esanetan.

Zezenak hiltegira bidaltzea "gauza tristea" dela ez du hark bakarrik pentsatzen, afizionatuek babes handia helarazi baitiete azken bi urteotan: "Talde batek kamioi bete pentsu bidali zigun behin, eta gure instalazioetara ere etorri izan dira errekortadoreak tarteka, entrenamenduak bertan egiteko; joan den asteburuan, adibidez, Baionako errekortadore eskolako 50 lagun jaso genituen etxean".

Afizioa, mailaren pare

Baionako eskola hori, sorreran, Bergarako Zezenak errekortadore eskolan oinarritu zela gogoratu du Almorzak: "Gurea da Espainia mailako lehena, eta kalitate handiko errekortadoreak pasa dira hemendik; horietako zenbait gaur egun modalitate desberdinetako txapeldunak dira".

Zezen-plazako harmailak beteko dituzten festa-zaleek, beraz, maila handiko jauzi eta mugimenduez gozatuko dute zapatutik martitzenera bitartean. Zezenik handienak zapatu arratsaldeko txapelketarako gorde dituzte ganadutegiko arduradunek: "Euskal Herriko errekortadore adituak etorriko dira hitzordura, eta saio serioa eta arriskutsua izango da; zezenen jarrerek erabakiko dute zenbaterainokoa".

Kutsu ludikoagoa izango dute gainontzeko saioek; domeka arratsaldekoak, esaterako, une xelebre eta ikusgarriak uzteko txartel guztiak dauzka. Astelehen eguerdirako programatu dituzte, ostera, herriko gazteen artean sekulako ikusmina sortzen duten kuadrillen arteko olinpiadak. 2019an hogei taldek parte hartu zutela oroitu du Almorzak, eta aurten ere antzeko partaidetza espero du: "Lehen aldiz antolatu genuenean, ordea, parte hartzeko erregutu behar izan genion jendeari".

Gaur egun, askoren gogoko ekitaldia da: "Azkenaldian egin ditugun ekitaldiak zeharo arrakastatsuak izan dira. Portasoldik ere deitu digute, aurten antolatu nahi dutela esateko".

Lau egun, zortzi hitzordu

Urtero egin ohi duen egitaraua antolatu du Bergarako Zezenak ganadutegiak. 60 animaliatik gora aterako dira zezen-plazara.

Ekainak 4, zapatua

• Errekortadore eskola ibiltaria, 12:00etan.
• Errekortadore txapelketa, Bergarako Zezenak ganadutegiko lau
zezen indartsurekin, 18:30ean.

Ekainak 5, domeka

• Bigantxak, 09:00etan.
• Euskal Herriko errekortadoreen ikuskizuna: quad, balantzin eta
tankredo-modalitateak, 18:30ean.

Ekainak 6, astelehena

• Kuadrillen arteko XII. olinpiadak, Zaldibiako trikitilariek eta Incansables txarangak animatuta, 12:00etan. Parte hartu nahi duten kuadrilletako ordezkariak 11:45erako agertu beharko dira zezen-plazan, Udaletik adierazi dutenez.
• Gaztetxoendako bigantxak, 18:30ean.

Ekainak 7, asteartea

• Bigantxak, 09:00etan.
• Errekortadore eskola ibiltaria, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak