10:00etan dianarekin hasiko dute eguna. Bergarako Txistulari Banda Bolutik irtengo da; Bergarako trikitilariak Labegaraietatik eta Elgoibarko dultzaineroak Oxirondotik. Ondoren, 11:00 inguruan, talde gonbidatuek kalejira abiatuko dute. Aurten, hala ere, bi kalejira egingo dituzte. "Orain arte, kanpotik etorri izan diren talde guztiak Espoloitik irten izan dira kalejiran, plazarantz. Aurten, herriko beste leku batzuetara heltzeko helburuarekin, bi kalejira egongo dira", azaldu du Bergarako Erraldoi Taldeko Ibon Unamunok. Batetik, Oñatiko eta Urretxuko taldeak Santa Marina ingurutik abiatuko dira, plazarako bidea egiteko. Bestetik, Ondalan taldeak (Deustu, Bilbo) eta Castellbisbalekoak (Katalunia) Espoloitik plazarako bidea egingo dute.
Erraldoien gunea, plazan
11:30ean hasita, Erraldoien Gunea jarriko dute San Martin plazan: erraldoien erakusketa, gomazko erraldoien erakusketa, palomita-makina, erraldoien liburuxka umeek margotzeko, umeentzat puzgarriak eta abar. Aipatzekoa da gomazko erraldoiak salgai egongo direla, bai Bergarakoak eta baita kanpoko taldeenak ere.
12:00etan, umeen taldea musikariekin batera Mizpirualde egoitzara joango da. "Lehen, barrura sartzen ginen, baina ez dakigu osasun egoerak ahalbidetuko duen. Hala ere, kanpoan, behintzat, dantza egingo dugu".
Gero, talde gonbidatuak aurkeztuko dituzte plazan, eta bakoitzak dantza bat eskainiko du. Horren ostean, Bergarako Oilagorra Ehiza Elkartean bazkalduko dute. "140 pertsona inguru egongo gara erraldoiekin dantzan eta laguntzen, eta elkarrekin bazkalduko dugu", dio Unamunok. Era berean, inoiz baino erraldoi gehiago batuko dira: 40 inguru. Bergarako hemezortzi erraldoiez gain, Oñatiko eta Urretxuko taldeek launa eramango dituzte, kataluniarrek bost eta Deustuko Ondalan taldeak, hamar edo hamabi.
Bazkalostean, azkenik, 18:00etan hasita, erraldoi, buruhandi eta kilikien kalejira egingo dute, guztiek elkarrekin, plazan hasi eta bukatuta, herriko kaleak zeharkatuz.
Urtero, gonbidatu ezberdinak
Unamunok adierazi duenez, saiatzen dira urtero talde ezberdinak gonbidatzen. "Batetik, otsailean Castellbisbalen egon ginen eta orain haiek datoz. Bestalde, Ondalanekoak 2020an etortzekoak ziren, eta, hitz eginda genuenez, aurten etorriko dira. Urretxukoek bi erraldoi berri dituzte, eta erakusteko aukera ona dela iruditu zaigu. Azkenik, oñatiarrak gonbidatzea ere erabaki dugu. Badakigu, normalean, Oñatin bakarrik irteten direla, baina gogotsu azaldu dira eta gustura hartuko ditugu", gaineratu du.
Elkartrukea egiten saiatzen dira. "Castellbisbalen otsailean egon ginen eta orain haiek datoz. Halaber, gu Bilboko jaietara, Urretxukoetara eta Oñatikoetara joatea da asmoa".
Oñatiarrak, lehenengoz Bergaran
Oñatiko erraldoiak lehenengoz ariko dira Bergaran. "Guretzat ez da oso ohikoa Oñatitik kanpo aritzea, eta gogoz hartu dugu aukera hau. Oso aberasgarria izango da", adierazi du Beñat Madinak, Oñatiko erraldoietako kideak. "Era berean, Bergarako Erraldoi Taldeari eskerrak eman nahi dizkiogu gonbidapenagatik".
Oñatz Dantza Taldearen 50. urteurreneko emanaldian egin zituzten dantzak egingo dituzte Bergaran ere. "Horietako bat Antonino Ibarrondok sorturiko bals bat da. Bitxikeria gisa, Ibarrondoren doinuetatik geuk propio sortutako dantza da". Halaber, azaldu du gizon zein emakume ariko direla erraldoiekin.
Haien erraldoiak Oñatitik kanpo ezagutarazteko asmoz, gomazkoak ere eramango dituzte saltzeko. "Bi bikoteak eramango ditugu. Iñigo eta Katalina eta Andre Ederra eta Maurixio.