Klima aldaketaren aurkako borrokan "ezinbestekotzat" jotzen du EAJ-k oreka berdea-ren apustua egitea. Horren gainean hausnartu dute gaur goizean Bergarako Lanbide Heziketa Institutuan egin duten lan saioan, Entzunez Eraiki egitasmoaren barruan.
Bertan izan da Imanol Goenaga, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen aholkularia eta adierazi du Gipuzkoan, baserriak eta baserritarrak izan direla ingurune naturalaren zaintzaile nagusiak. Industrializazioak errealitatea aldatu zuela eta hazten joan den desoreka hori berrezarri behar dela gaineratu du: "Baserria eta hiriaren arteko oreka berrezarri behar da, landa eremuen garapen ekonomiko-soziala sustatuz".
Goenagaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako zuzendari diren Xabier Arruti eta Arantza Ariztimuño izan dira saioan eta familia-nekazaritzan oinarritzen den nekazaritza eta abeltzaintza ereduak defendatu dituzte: "Eredu jasangarriak dira; ingurumena errespetatu, zaindu eta babesten dutenak; hortaz, ezinbestekoak dira lurraldearen kudeaketarako". Baserritarren figura ere balioan jarri dute "tokiko produktuez hornitzen gaituztelako, osasungarriak, kalitatezkoak, eta gure kultura gastronomikoari eusten laguntzen dutenak".
Programako ardatzak definitzeko
Pandemiaz geroztik EAJ-k ikusi du "beste garai bat bizitzea tokatu" zaigula guztioi, beste arazo batzuekin, eta horiei aurre egiteko herritarrekin egon eta herritarrei entzun gura diete jeltzaleek. "Hor kokatzen da Entzunez Eraiki dinamika eta horren barruan bost arlo ezberdinen inguruko gogoeta egin gura du EAJ-k: gobernantza, etorkizuneko ekonomia, eredu soziala, aldaketa klimatikoa eta kultura eta euskara", Imanol Lasa, Gipuzko Buru Batzarreko Berrikuntza Politikorako arduradunak Bergaran goizean azaldu duenez.
Gipuzkoan zehar ari dira gai horiek lantzen, zapatuetan, etorkizuneko programarako ardatzak zeintzuk izan behar diren definitzeko. Gaur, oreka berdeari buruz jardun dute, eta baserritarrak eta lehen sektoreko ekoizleak ere egon dira, euren esperientziaz kontatuz. Baita bailarako zinegotzi eta alkate jeltzaleak ere.