Lazpiur, automobilgintza irauli nahi duen taldean

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko mai. 13a, 12:50

Volkswagen eta Seat buru dituen eta automobil sektorearen elektrifikazioa jomuga duen 62 enpresako taldeko kide da; arloko PERTEari lotuta, Europako finantzaketa lortzeko hautagai sendo da taldea. Pozik mintzatu da Aitor Txurruka gerentea.

Automobil elektrikoaren garapenerako sortutako Future: Fast Forward taldeak 11 erkidegotako enpresak batzen ditu; Bergarako Lazpiur, tartean. Arloko PERTEari –ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak– lotutako Europako finantzaketa lortu eta 62 enpresaren artean automobilgintza berriaren ekosistema osoa sortzea da ekimenaren asmoa.

Automobil elektrikoaren PERTEra 24.000 milioi euro bideratzea dago aurreikusita, eta horietatik 3.000 inguru izango dira ibilgailuen ekoizpenarekin loturikoetarako Espainiako Gobernuak emango dituenak: erdia, interesik gabeko maileguak, eta beste erdia, diru-laguntzak. Hala ere, aditzera eman dutenez, Future: Fast Forward ekimeneko enpresen artean 10.000 milioi euro bideratuko lituzkete helburu horietara, "PERTEaren ebazpena aldekoa izango balitz". Asmoen artean dago Valentzian baterien ekoizpenerako gigafaktoria bat eraikitzea –3.000 lanpostutik gora sortuko lituzkeena 2030era artean–.

Lazpiurren, gustura

Aitor Txurruka gerentearen esanetan, hartutako "erabaki estrategikoen" ondorio da enpresa talde horretako kide izateko aukera, eta "errekonozimendua, ilusioa eta poza" ekarri ditu Lazpiurrera. Txurrukak nabarmendu du Gestampekin duten lankidetzaren bitartez sartu direla "proiektu garrantzitsu" horretan, ahaztu gabe konpainiak tradizioz duen eta aurreko belaunaldietatik jaso duen "DNA sortzailea", halakoetara "ausartzea" eragiten diena.

Taldeari egingo dioten ekarpenaz harago –battery box deritzona egiaztatzeko sistemari lotuta, batez ere–, oraingo lorpenak "ikusgarritasuna" emango dio Lazpiurri, "merkatu eta bezero berrietara" iristeko.

Taldeak Europako finantzaketa lortzen duen ikusi behar da orain: iristen bada, elektrifikaziorako urratsen "exijentzia maila eta abiadura" handitzea ekarriko du, bete beharreko mugarriak egongo direlako; iristen ez bada, berriz, erritmoa bezeroen eta eskarien araberakoa izango da, Txurrukaren arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak