Herritarrak, funtsezkoak Euskararen Historia Soziala osatzeko

Uxue Igarza Loiola 2022ko mai. 5a, 16:04

Euskararen Historia Soziala jasotzeko egiten ari diren lana aurkeztu dute Bergarako Udalak eta Badihardugu elkarteak. Aurten, dibulgazioan jarri nahi dute indarra, eta horretarako, erakusketa bat eta ikus-entzunezkoa prestatzen ari dira, besteak beste.

Urtebete da Bergara izan, bizi, ekin plana abiatu zuela Bergarako Udalak, eta plan horren baitan kokatzen da Euskararen Historia Soziala jasotzeko nahia. Sustatzaileek azaldu dutenez, gerra ostetik trantsiziora arteko historia ezagutzea, memoria berreskuratzea eta protagonistei aitortza egitea da asmoa.

Zeregin horri ekiteko, lan-mahaia osatu zuten euskalgintzaren alorreko eta Bergarako Udaleko zenbait kidek, eta baita norbanakoek ere: euskararen gainean ezagutza handia duten Juan Martin Elexpuruk, Anaje Narbaizak, Jerardo Elortzak eta Jaione Isazelaiak, besteak beste.

Azterlanaren muina elkarriz- ketak dira; hots, protagonisten testigantzak jasotzea. Ekaitz Aranberri Herritarren batzordeko lehendakariak azaldu duenez, "liburuetan agertzen ez dena jakitea" lortzen ari dira horrela: "Protagonisten ahotik jaso nahi dugu gertatutakoa, horrek aberasten baitu historia. Une honetan horretarako aukera dugula aprobetxatu behar dugu".

Elkarrizketa horiek egiteko Badihardugu elkartea izan da bidelagun. "Bergarako Udalak eta Badiharduguk 2003a ezkero egiten dute elkarrekin lan, herriko ahozko ondarea jasotzen. Egitasmo honekin lankidetza horri jarraipena eman nahi izan zaio garrantzi berezia duen gai baten inguruan", zehaztu du Ekaitz Aranberrik.

26 testigantza jaso dituzte

Idoia Etxeberria Badihardugu elkarteko kideak kontatu duenez, 2020an hasi ziren euskalgintzaren alorrean egondako mugimendua jasotzen: "Elkarrizketatzeko pertsona aproposak zeintzuk izango ziren pentsatu genuen lan-mahaian, eta ondoren, haiengana joan eta elkarrizketak egin genizkien".

Hamalau elkarrizketa egin zituzten iaz eta hamabi aurten; Laboratorium museoan gehienak. Elkarrizketatuetako batzuk dira Jose Luis Gorrotxategi, Koldo Alberdi Egileor II.a, Maite Barrena, Jabier Mendizabal Surra, Rosa Narbaiza, Gotzon Bikuña, Eneko Oregi, Arantzazu Narbaiza, Blanca Narbaiza, Mikel Lazpiur eta Arantxa Ibarzabal.

Euskalgintzako hainbat alorretan euskara sustatzeko egin duten lana da elkarrizketetan jaso dena: hezkuntzan, euskalduntze-alfabetatzean, kultur arloan –antzerkia, bertsolaritza, kantagintza, dantza– eta abar. "Elkarrizketa horiek pasartez pasarte entzun eta landu ditugu, eta guztiak daude ahotsak.eus webgunean", gehitu du Idoia Etxeberriak.

Ahotsaz gain, materiala

Elkarrizketak egiteaz gain, azken hilabeteetan garaiko materiala ere jaso dute azterlana elikatzeko: kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak... Arantzazu Oregi Bergarako Udal Artxiboko arduradunak lan horretan jarraituko dutela azaldu du eta horretarako herritarren laguntza beharko dutela: "Testigantzak izan dira ardatza Euskararen Historia Soziala jasotzeko, eta Bergarako Udal Artxibotik ere saiatu gara ekarpena egiten, baina garai hartan administrazioak lan gutxi egiten zuen gaiaren inguruan; ez dago horren inguruko udal dokumenturik. Horregatik interesatzen zaigu jendeak etxean garaiko euskalgintzari lotutako materialik badu, gurekin harremanetan jartzea".

Hala, gerra ostetik 1980ra bitartean euskara bultzatzeko egindako lanarekin lotutako materialak batu nahi ditu artxiboak. Materialaren kopia digitalizatuak egin nahi dira, eta ondoren jabeei itzuliko zaizkie. Harremanetan jartzeko, artxiboa@bergara.eus helbidera idatzi, 943 77 91 32 zenbakira deitu edo bertara gerturatu daitezke herritarrak.

Aurrera begirako urratsak

Estepan Plazaola Bergarako Udaleko Euskara zerbitzuburuak azaldu du zeintzuk izango diren aurrerantzean egingo dituzten urratsak: "Alde batetik, gure asmoa orain arte egindako lana osatzea da. Elkarrizketa mordoa egin dira –eta ikuspegi orokorra jaso dugula uste dugu–, baina elkarrizketa gehiago egiteko aukera dugu. Bestetik, dibulgazioan jarriko dugu indarra".

Dibulgazio eta zabalkunderako, hainbat ekimen abiatuko dira. Horietako bat izango da abenduaren 11tik 25era Aroztegin zabalduko duten erakusketa. "Herritarrengandik elkarrizketetan jaso dugun informazioa aurkeztuko dugu paneletan, eta bildutako materiala ere bertan erakutsiko dugu (...) Erakusketaren asmoa da garai hartan euskararen egoera zein zen eta nolako lanketak egiten ziren erakustea", argitu du Plazaolak".

Horrez gain, orain arte egindako elkarrizketa guztiak ikus-entzunezko bakarrean jasoko dituzte, eta urria eta azaroa bitartean hitzaldiak ere egingo dituztela aurreratu du Plazaolak. "Era berean, ikastetxeei begira, unitate didaktikoak egin nahi ditugu, zabalkundean eta transmisioan laguntzeko", gehitu du. Bukatzeko, protagonista izan direnei aitortza egin nahi zaiela ere adierazi dute lan-mahaiko kideek, eta horretarako ekitaldi bat egitea aurreikusten dute.

Aurrekontuari dagokionez, orain arteko lanek 12.000 euroko kostua izan dute, eta, estimazioen arabera, hemendik aurrerako asmoak egiteko 15.000 euro beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak