Bergarako eta bailara osoko herritarrak kontzientziatzeko askotariko ekintzak egingo dituzte. Eguen arratsaldetan mahai informatiboak jarriko dituzte Irala kalean, pankartak jarriko dituzte Bergaran eta ingurko herrietan, sare sozialetan zabaltzeko bideo bat ere egingo dute eta ekainaren 19an manifestazio bat dute aurreikusita. Diote, aldi berean, martitzenero San Juango ermitan egingo duten bilerak ere irekiak direla edozein herritarrendako.
Enpresaren asmoa, aurrera egitea
Planta eraikitzeko beharrezkoak zituen baimenak lortu dituztela ulertuta, joan den astean iragarri zuen Valogreene Paper BC enpresak plantarako obrak datozen hilabeteotan hasi nahi dituztela. Diotenez, "ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektu aitzindaria izango da" eta egingo duten inbertsioa 20 milioi eurokoa izango da, guztira zuzeneko eta zeharkako 45 lanpostu sortuz.
Udala ez dago ados ingurumen baimenarekin
Hain zuzen, obra lizentzia eskatuta du enpresak Udalean, baina Udala ez dago ados Jaurlaritzak ingurumen baimen bateratua eman izanarekin eta errekurtsoa jarrita dauka baimen horren aurka. Udaletik salatu dute, aldi berean, Valogreenek erantzun orokorrak eman zituela eurek egindako galdera zehatzei eta gaineratu dute arlo juridikotik ere gertuko jarraipena egingo diotela etorriko diren urratsei.
Jaurlaritzak dio Udalaren obra-lizentzia behar duela proiektuak
Jaurlaritzaren arabera, instalazioa legediaren esparruan dago ur isurketa, airera egindako emisio, zarata eta hondakinen inguruko baldintzei dagokienez. Ingurumen sailetik gaineratu dutenez, baimen bateratua emanda ere, instalazioa eraikitzen hasteko beharrezkoak diren lanak hasi baino lehen Udalaren obra baimena lortzea beharrezkoa da.