Zientzia, kirola eta aisia protagonista Bergarako Udalaren haur eta gaztetxoen udako eskaintzan

Jone Olabarria 2022ko api. 25a, 11:19

Haur eta gaztetxoei zuzendutako aisialdirako eskaintza aurkeztu du Bergarako Udalak. Askotarikoak dira proposamenak, guztiak herrian egiteko, eta euskaraz. Izena emateko epea apirilaren 27tik maiatzaren 12ra bitartekoa da kirol eta aisialdi ekintzetan. Zientzia jardueretan ekainaren 1etik aurrera eman daiteke izena, robotika ikastaroan salbu –dagoeneko izena eman daiteke bertan–. Internet bidez, udaletxean eta liburutegian egin daiteke.

Haurrek eta gaztetxoek elkarrekin egoteko, elkar ezagutzeko, elkarrekin jolasteko eta gozatzeko eskaintza prestatu gura izan dutela azaldu du herritarren batzordeko lehendakaria den Ekaitz Aranberrik: "Kalitatezko eskaintza osatzen ahalegindu gara. Elkarlanean osatutakoa da, eragile desberdinen ekarpenekin. Esaterako, herriko ikastetxe guztiek, iaz hasitako bideari jarraituz, haien azpiegiturak jarriko dituzte eskura".

Udaleku irekiak

2010 eta 2017 urte artean jaiotako haurrei zuzenduta antolatu dituzte beste behin ere udaleku irekiak, "Bergarako ume guztiak elkartu eta euskaraz, aisialdi hezitzaileaz gozatu dezaten”. Bi eskaintza daude udaleku irekien baitan: Ekainaren 27tik uztailaren 15era (3 aste aukeratuz gero) eta ekainaren 27tik uztailaren 22ra (4 aste aukeratuz gero). 10:00ettik 13:00etara. Jakinarazi dute ez dagoela kopuru mugaturik, eta izena ematen duten haur kopuruaren arabera antolatuko dituzte.

Kirol arloan, hiru aukera

Kirolari lotuta hainbat proposamen daude aurten:

  • Kirol kanpusa: Udako oporretan, kanpoko kirol ekintzetan oinarritutako kanpusa da, 2009 eta 2013 urteen artean jaiotakoei zuzendua. Hasiera batean, Agorrosin gunean zentratuko da nagusiki, baina eguraldiaren arabera beste gune batzuetara mugitu daiteke. Tenisa, beisbola, hockeya, badmintona, boleibola, natur jarduerak, ur jolasak... eskainiko dira eta bi aukera ditu; ekainaren 27tik uztailaren 15era (3 aste aukeratuz gero) edo ekainaren 27tik uztailaren 22ra.
  • Udako igeriketa kanpaina: 2010 eta 2018 urteen artean jaiotakoentzat. Bi txanda egongo dira: ekainaren 27tik uztailaren 8ra, lehena. Uztailaren 11tik 22ra bigarrena.
  • Gazteentzako uda kirol kanpaina: 2004 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat. Ekainaren 27tik uztailaren 22ra eskalada, zumba, multi- training, areto txirrindua eta padela egiteko aukera izango dute gaztetxoek.

Zientzialari gaztetxoenei zuzenduta

Laboratorium Museoak ere zientzialari gaztetxoenendako eskaintza prest du. Rosa Errazkin arduradunak azaldu duenez, zazpi jarduera eskainiko ditu haur eta gaztetxoentzat udan. Izen-ematea eta informazio gehiago ekainaren 1etik aurrera, webgunean eta Laboratoriumen. Robotika ikastaroan gaurtik eman daiteke izena.

  • Levanteko labar artea. Levanteko Historiaurreko Arteari buruzko gune didaktiko ibiltaria, munduan bakarrak diren Holozenoaren hasierako manifestazio horiek ezagutarazteko eta baloratzeko. Ekainaren 28an, 10:00etan eta 17:00etan. Familientzat, 8 urtetik gorako haurrentzat.
  • Mikrometeoritoen tailerra. Zergatik desagertu ziren dinosauroak? Zer dira ozar-izarrak? Zein da meteorito, meteoro eta meteoroideen arteko aldea? Non aurkitu ditzakegu mikrometeoritoak? Galdera horiek eta gehiago erantzuten saiatuko gara. Ekainaren 29an, 10:00etan. 8 eta 12 urte bitartekoentzat. 
  • Zientziaren sukaldea. Kimikako hainbat esperimenturekin gure ingurunean zein gure barnean gertatzen diren aldaketak ikasiko ditugu, zientzia egunerokotasunera hurbilduz. Uztailaren 4an eta 6an, 10:30ean. 8 eta 12 urte bitartekoentzat.
  • Ilustrazio botanikoa. Ezagutzen ez denak ez duela axola dirudi. Beraz, ezagutza behar da polinizazioak eta polinizatzaileek ingurumenean duten garrantziaz jabetzeko eta horiek babesteko jarrera aktiboa garatzeko. Marrazketa tresna ezin hobea da horretarako.Uztailaren 5ean, 10:00etan. 6 eta 12 urte bitartekoentzat.
  • Gure bizilagunik onenak. Saguzarrak hobeto ezagutzeko jarduera. Uztailaren 7an, 21:00etan. Familiei zuzendutakoa da. Ekintzen gidaritza Naturtzaindia Elkarteko kideen eskutik egingo da, 'Mendiak Bizirik' elkartearen Iaguntzarekin.
  • Ur azpiko indusketa arkeologikoa. Uluburu itsasontzian ur azpiko indusketa arkeologikoa. Duela ehunka urte hondoratu zen itsasontzi bat arkeologikoki induskatzeko aukera egongo da. Uztailaren 8an, 09:00etan. 8 eta 12 urte arteko haurrentzat.
  • Kanpus teknologikoa. Tailer honetan 3D diseinuaren lehen urratsak emango dituzte eta eredu digitalak plastikozko pieza bihurtzeko beharrezko prozesuak landuko dituzte. Astebeteko tailerra. Ekaineko azken astean eta uztaileko lehenengoan. 12 urtetik gorako gaztetxoentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak