Bergarako Udalaren, herri eki- menaren eta Ehunduren arteko lankidetzaren "beste urrats bat" izango diren formakuntza saioei hasiera eman diete asteon. Herritarrei "proiektu propioak eraikitzeko lanabesak" eman nahi dizkiete, komunitatearen ahalduntze prozesuan aurrera egiteko asmoz.
Lehen saioa, "positiboa"
Bi zatitan banatu dituzte saioak: uda aurretik hiru egingo dituzte eta beste hirurak, ostean. Edukiari begira, "kezkak identifikatu" eta "lan ildoak zehaztu" dituztela azaldu du proiektuko dinamizatzaile Jokin Guridik: "Ekintzailetza soziala eta tokiko garapena dute oinarri. Lehen saioan, kooperatibismoari buruzko testuinguru orokor bat eskaini dugu, komunitatean sortzen diren proiektuei egitura emateko asmoz. Hemendik aurrera, marketin soziala, ekonomia feminista eta halakoak garatzea da asmoa". Orain arte egitasmoak egindako bideaz eta izandako harreraz galdetuta, "balorazio positiboa" egiten dutela dio Ehunduko dinamizatzaile Ander Zangituk: "Azken hilabete hauetan lan ildo ezberdinak jorratu ditugu, eta, nahiz eta hasierako fasean egon, arnas luzeko proiektua izanda hemendik denbora batera erantzun eta emaitzak ikustea espero dugu".
Baliabideak eskaini
Herritarrei begira, halako formakuntzetan parte hartzea "aberasgarria" dela diote egitasmotik: "Martxan jarri nahi dituzten proiektuak egituratzeko tresnak jasoko dituzte, eta, egun bizi dugu egoera sozioekonomikoaren barruan ere, baliabideak eskainiko dira gure artean antolatu eta erantzuna emateko".
Datozen saioei begira
Uda aurretik egingo dituzten saioei dagokienez, datorren martitzenean, Ekonomia sozial eraldatzailea. Nondik eta nola eraiki gure proiektuak? eskainiko du Beñat Irasuegik; maiatzaren 17an, Ekonomia feminista eta zaintza Miren Arangurenen eskutik; eta ekainaren 14an, Talde kudeaketa, antolaketa eta parte hartze inklusiborako tresnak, Nerea Eliasek gidatuta. Saioetan parte hartzeko, ehundu@ ehundu.eus helbidera idatzi.
Bulegoa, herritarren zerbitzura
Azken asteetan ekin diete lanei; udarako bulegoa gertu eta martxan egotea aurreikusten dute. "Espazio erreferentzial bat izatearen garrantzia" azpimarratu, eta herritarren eta Ehunduren arteko "artikulazio lana" egiteko espazioa izan gura du bulegoak: "Eragileek eta norbanakoek bertara joan eta aholkularitza eta bestelako zerbitzuak izango dituzte".
Construcciones Aplibur S.L. enpresari esleitu zaizkio 105.956,68€tan (BEZ barne).