Bergarako EAJk "immobilismoa" leporatu dio EH Bilduri

Jone Olabarria 2022ko mar. 31a, 11:27

"Argazki askoko eta mami gutxiko legealdia"; horrela kalifikatu dute jeltzaleek Udal Gobernuaren jarduna. "Aurreko legegintzalditik zetozen proiektuetatik tiraka" aritzea leporatu diete, eta Bergarako EAJ legealdi hasieratik ekarpenak egiten dabilela esan dute

Azken hiru urteak "atzerakada eta geldialdi garaia" izan direla adierazi dute Bergarako jeltzaleek asteon batzokian egindako prentsa agerraldian. Adierazi dutenez, EH Bilduren Udal Gobernuak "ez du jakin pandemia osteko egoerari erantzuten eta herria berpizten. Pandemiaren ondoren, Gobernuak ez du jakin Bergara aurrera ateratzen. Egiten ari diren gauza bakarra aurreko legealditik zetozen proiektuetatik tiratzea da. Labegaraieta eta Zubitxa dira adibiderik garbienak".

"Konpromiso falta"

"Planen legealdia" dela diote jeltzaleek: "Bederatzi plan baino gehiago dituzte, 185.268,68 euroko aurrekontuarekin". Hala ere, "horietako bakar bat ere" ez dagoela exekutatuta diote: "Ez dituzte konpromisoak betetzen, eta legealdia amaitzen ari da".

Gauzatzen ari diren proiektu nagusiak "aurreko legealdikoak" direla adierazi dute: "Akordioaren lerro gehienak 2019tik datoz: hileta zibilen zerbitzua, Boluko maldaren egonkortzea, jolas parke estalia eta San Joxepeko arreta arinen zerbitzua, besteak beste".

"Proiektuak bereganatzea"

San Joxepeko eguneko arreta zerbitzuari dagokionez, proiektua bere egitea leporatu diote jeltzaleek Udal Gobernuari: "Proiektu hau EAJk 2021eko aurrekontuetan proposatu zuen, eta EH Bilduk bere egin du. Era berean, oposizioarekin lanketarako "borondaterik eza" kritikatu dute: "Tamalez, EH Bildu kanpainan dago eta oposizioaren proiektuak bereganatzen ari da bere irudi ona saldu nahian".

Arlo askotan "atzerapauso nabarmenak" dira, jeltzaleen esanetan, aurretik eginda zegoenetik tiratu eta "ezer gutxi gehitzea". Terrazen ordenantzak "konpromisoak ez betetzearen beste adibide bat" direla diote: "2021eko ekainean egindako agerraldian urte amaierarako behin-behineko kale okupazioaren ordenantza idatzita izango zutela esan arren, oraindik ez da iritsi".

"Elkarlanerako" deia

Bergarako EAJk agintaldi hasieratik "ekarpenak" egin dituela adierazi dute jeltzaleek: "Pandemia garaian hainbat lan-lerro identifikatu eta mahai gainera- tu ziren, baina, momentuz, guztiek mahai gainean jarraitzen dute". "Elkarrekin" 2022rako hartutako akordio guztiak betetzeko eskatu diote jeltzaleek Udal Gobernuari, "denen arteko elkarlana bultzatuz"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak