ALBISTEAK

Erradiazioaren kaltetik, gerraren "amesgaiztora"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mar. 24a, 13:04

Txernobil eta Txernobilen Lagunak elkarteetako Bergarako boluntarioen arabera, udan Bergarara etorri ohi diren umeak egoera oso-oso larria ari dira bizitzen; etorri nahi duten familientzat giza korridore seguru bat irekitzea eskatu dute, lehenbailehen.

1996an sortutako Txernobil elkartearen eta 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duen Txernobilen Lagunak elkartearen helburuak erabat aldatu dira otsailaren 24tik, Errusia Ukraina inbaditzen hasi zenetik. Hilabete zehatz bete du gerrak gaur eta ume ukrainarrekin lan egiten esperientzia luzea duten elkarteek diote egoera oso-oso larria dela. "Gure umeak Ukrainako iparraldean bizi dira eta hortik sartu dira tropa errusiarrak. Zonalde hori errusiarrez guztiz okupatuta dago eta ia etengabe ari dira bonbardaketak jasaten. Herriak erabat kiskali dituzte... Heltzen zaizkigun mezuen arabera, sototan ezkutatuta daude eta momentuz salbu daude baina hilketa zibilak egon dira eta egoera oso-oso larria da; hiru aste pasatu dira eurekin komunikatu gabe baina dakigunez hainbat lekutan ez dute argindarrik. Ura, elikagaiak eta botikak ere falta zaizkie", adierazi du Txernobil elkarteko boluntario Esther Linazisorok.

Linazisorok gaineratu du Euskal Herrian "errotze handia" duten ia 200 adingabe Ukrainatik irten ezinean daudela eta haiekin batera etor daitezkeenekin gutxi gorabehera kalkulatzen dutela 400 bat ukrainar Euskal Herrira ekartzeko moduan egongo zirela. Horretarako, baina, eskaera zehatz bat egin dute: "Giza korridore bat zabaltzea, han ditugun neska-mutikoak eta euren familiak atera ditzagun, betiere bueltatzea nahi badute".

"Amesgaizto bat" bizitzen

Txernobilen Lagunak elkarteak 20 urte baino gehiago daroatza Kiev iparraldeko Ivankiv herritik umeak ekartzen, uda bertan igaro dezaten. Gerrarik gabe haien egoera zaila bazen, gerra hasi zenetik amesgaizto bat bizi dutela dio Amaiur Sainz boluntarioak: "Gure mutikoa Bergarara ekartzeko aukera izan dugu baina hori ez da orokorra, gehienek han jarraitzen dute-eta. Mutikoaren bitartez lehen eskuko informazioa heltzen zaigu eta amesgaizto bat ari dira bizitzen; mutikoaren amak esan digu ez zuela sekula esperoko halako egoera bat biziko zuenik".

Euskal Herrian "errotze handia" duten 200 adingabe Ukrainatik irten ezinean daude

Ukrainatik ihes egitea lortu du baina bihotza jaioterrian duela dio Sainzek: "Bistakoa da triste dagoela, ez dela udan etorri ohi zen pertsona bera; udan pozik etorri ohi zen, Bergaraz disfrutatzera, baina orain triste dago. Oso bizipen gogorrak izan dira eta pixkanaka ari gara egoerari buelta emateko saiakeran". Bi elkarteetako kideek diote herritarren babesa eta laguntza igartzen ari direla eta esker ona adierazi nahi izan dute jendearen inplikazioagatik.

Udalak, "gertuko jarraipena"

Udala "gertuko jarraipena" egiten ari zaio, jarduneko alkate Ainhoa Leteren arabera: "Bergarara etorri diren pertsona guztiak artatu ditugu, eta harreman zuzena dugu haiekin. Jaurlaritzaren zerbitzuetara ere bideratu ditugu; gerra baten aurrean gaude eta egoera oso aldakorra denez, gertuko jarraipena ari gara egiten".

Dirua biltzeko kanpaina abiatu dute

Ukrainako gerrak bi elkarteen helburuak zeharo aldatu ditu eta dirua biltzeko kanpaina berezia abiatu dute propio sortutako kontu korronte zenbakiekin: ES62 2100 6491 1222 0003 6970 (Txernobil elkartea) eta ES36 2095 5029 1410 6222 9843 (Txernobilen Lagunak elkartea). Edozein zalantza argitzeko telefono zenbakiak ere eman dituzte: 670 41 90 78 (Txernobil elkartea) eta 689 58 62 77 (Txernobilen Lagunak elkartea).

Gainera, Txernobilen Lagunak elkarteak higiene-produktuak, osasun materiala, elikagaiak eta denetariko sorgailu elektrikoak biltzeko kanpaina ere abiatu du; gaur eta bihar Oñatiko Martzelino Zelaia kalean batuko ditu, kamioi bat modu seguruan igarotzeko aukera izango dute eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak