Mari Karmen Ayastuy eta Jose Luis Elkoro: "Maitasunetik egin dugu lan herriarentzat, ez eginbeharretik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mar. 16a, 09:52

Mari Karmen Ayastuy eta Jose Luis Elkoro, etxeko egongelan; martxoaren 10ean jaso zuten Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria.

2022ko Monzon-Ganuza sariarekin, Euskal Herriaren eta euskararen alde egindako lana aitortu diote Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak Ayastuyri eta Elkorori; adierazi dute sorpresaz hartu zutela albistea.

Martxoaren 10ean jaso zuten Mari Karmen Ayastuyk (Bergara, 1943) eta Jose Luis Elkorok (Elgeta, 1935) Monzon-Ganuza saria, Laida Lertxundi artistaren Landscape plus artelana: "Egongelako lekurik ederrenean jarriko dugu", diote. Egongela horretan hartu dute saridunek GOIENA, patxadaz.

Nola hartu zenuten Monzon-Ganuza saria jasoko zenuten albistea?

Mari Karmen Ayastuy: Hasieran, harritu egin nintzen eta zergatik ematen ziguten galdetu nuen. Lehen edizioko sari banaketan egon ginen, eta halako sari bat guretzat izan behar zenik pentsatzea ere... Baina onartzen dugu, nola ez. Oso pozik gaude.

Jose Luis Elkoro: Olaso Dorreko eta Udaleko ordezkari bana etorri ziren saria zergatik eman behar diguten azaltzera. Sorpresa izan zen... Gero, gogoeta egin ostean, konturatzen zara erabakia hartu dutenek ondo pentsatuta hartu dutela. M.K.A.: Herriarentzat egin dugun lana ez dugu eginbeharretik egin, maitasunetik baizik.

Maitasunetik bazuelako Maria Josefa Ganuzarekin eta Telesforo Monzonekin eraikitako harremanak...

M.K.A.: Harreman oso estua sortu genuen. Gogoan dut bereziki Telesforo hil ostean [1981eko martxoaren 9a], Maria Josefak ia egunero deitzen ninduela. Gaur egungo ikuspegitik oso pozgarria da ikustea, Telesforok nahi moduan, Olaso herriarena dela.

J.L.E.: Olaso dorreagatik ezagutu genituen Telesforo eta Maria Josefa, euren etxeaz arduratzea tokatu zitzaigulako. Handik aurrera, maitasun harreman estua sortu genuen. Euren asmo eta helburu aberatsekin bat egin genuen eta horrek indar handia eman zigun asmo horiekin konprometitzeko.

M.K.A.: Maria Josefa nolakoa zen ulertzeko anekdota txiki bat kontatuko dizut, inori kontatu ez diodana: Telesforo hil ostean, esan zidan pentsatzen ari zela mojazaharretara joan behar zuela bizitzera, eta erantzun nion hori astakeria hutsa zela. Galdetu zidan zergatik eta erantzun nion bera ate batetik sartu ahala mojazahar guztiak beste atetik irtengo zirela [barre]. Nortasun handiko emakumea zen.

J.L.E.: Maria Josefa benetan nolakoa zen ezagutu genuen Telesforo hil zenean.

Martxoaren 8ak zaintzan jarri du arreta bereziki. Horretaz jakin badakizu, Mari Karmen.

M.K.A.: Urrats garrantzitsu asko egin dira, baina asko dago egiteko. Benetako aginte postuetan emakume gutxi dago oraindik. Eta etxeko askotariko lanak, zaintza bera ere, emakumearengan daude. Hori bai, garai batekin alderatuta... Ama izan nintzenean pentsaezina zen, adibidez, nire senarra umearen kotxearekin paseatzen ikustea. Gaizki ikusia zegoen orduan, halakoa zen gizartea, eta ez dira horrenbeste urte pasatu. Beste detaile bat: 20 urte nituenean gidatzen hasi nintzen –Bergarako bakarrenetakoa izango nintzen, orduan falangistek kontrolatzen zuten Olaso dorrean egin nituen azterketak–, eta aitajaunak esan zidan hori gizonezkoen kontua zela, ez sartzeko gizonezkoen kontuetan. Lana ere etxe azpiko dendan, 15 edo 16 urte nituela, eta listo; emakume izanda, orduan ezin genien ikasketei garrantzirik eman. Urte batzuetara ezkondu, eta 30 urte nituenerako lau seme-alaba.

J.L.E.: Beharrezko oinarria izan da nire ibilbidean, zalantzarik gabe. Asko eztabaidatzen dugu, baina 55 urte daroatzagu eskutik...

Publikoki, Jose Luis lehen planoan.

J.L.E.: Hala da. Atzera eginda, Alkartu Nai aipatuko nuke, bereziki ikuspegi sozialetik lortu genuenagatik: Bergarako lehen anbulantzia, erretiratuen egoitza, alargunen elkartea, gorrendako Arasgi elkartea, Aspace, Gureak tailerrak, Elbarrilan... Gerora etorri zen jardun politikoa. Eta baita, besteak beste, espetxea.

J.L.E.: Espetxetik irtengo ez nintzela ere pentsatzeraino.

M.K.A.: Espetxealdi eta eraso guztiek ez dute ez hankarik ez bururik izan. Mehatxu-dei telefoniko asko izan ditugu; ikurrina plazan jarri genuen egunean bertan jaso genuela lehen deia. [...] Oroitzapen gogorrenen artean, semea ihes eginda egon zenekoa datorkit; bost urte egon zen kanpoan eta hiru urte eta erdiz ez genuen jakin non zegoen. Oso gogorra izan zen.

Asmatu da transmisioan?

M.K.A.: Uste dut ezetz. Bergarako adibide bat jartzearren, Olaso dorrearen beraren garrantzia ez dugu transmititzen jakin.

J.L.E.: Monzonek eta Ganuzak suposatu zutenaz harago, gatazka bizi ez dutenei, orokorrean, ez zaie interesatzen. Trantsizio batean gaude, aldaketa sakon eta garrantzitsu batean. Arlo guztietan. Eta ez naiz ausartzen esatera nola irtengo garen...

Beti bizi izan zarete euskaraz?

M.K.A.: Euskara debekatuta zegoen... Hori bai, seme zaharrena 3 urterekin sartu genuen sortu berri zen Aranzadi ikastolan; ez genekien zer zen hura, baina argi genuen semea euskaraz hezi nahi genuela.

J.L.E.: Nire kasuan, umetan, eskolan, barre egiten zidaten gazteleraz ez nekielako... Gerora, baina, euskaraz idazten ikasteko barnetegien beharra izan nuen. [...] Mirari moduan gogoratzen dut, adibidez, Elay enpresa [Elkoro eta Ayastuy] erabat euskaldundu izana.

Ezer gaineratu nahi?

J.L.E.: Asko baloratzen dut herri honek, lana oinarri, jakin duela arazoei erantzuten.

M.K.A.: Datozenentzat: jarraitu dezatela Olaso dorrearen oinarrian dauden euskararen eta Euskal Herriaren hariari tiraka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak