"Guztiz despolitizatuta" ikusten dute M8a Itaia kolektiboan; borroka eguna baino, "aurpegi zuriketa" ikusten dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 5a, 16:27

Bergarako kartzela zaharrean egindako hausnarketa saioa.

Deba bailarako taldeak mobilizazioa deitu du martxoaren 8rako, Bergaran. 19:00ean San Martin plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko dei egin dute. Aurretik, M8aren bilakaerari buruzko hausnarketa saioa egin dute, eta gogora ekarri dituzte Emakume Komunisten Idazkaritzak edota Clara Zetkin moduko militanteek aurreko mende hasieran egindako lana.

Emakumeen antolakunde sozialista da Itaia, eta atzo 25 bat lagun elkartu ziren kolektiboak Bergarako kartzela zaharrean antolatutako hausnarketa saioan. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bilakaerari buruzko hausnarketa saioa egin zuten. Gogora ekarri zuten, besteak beste, Clara Zetkinek edota Emakume Komunisten Idazkaritzak emakume langileen askapenerako egindako lana.

 

Clara Zetkin, mugimendu sozialdemokrata femeninoaren antolaketa lanetan hasi zen eta emakumeak sozialismoaren aldeko borrokara erakartzeko beharra azaldu zuen. Emakume langileen kontzientzia piztea izan zuen helburu eta emantzipazioaren alde borrokatu zuen. "Aldarrikatu zuen, baita ere, alderdi sozialistek emakumeen eskubide politikoen aldeko borroka gauzatzearen beharra. Mugimendu komunistaren baitan denek ez zuten begi onez ikusten Emakume Komunisten Idazkaritza, baina Zetkinek argi zeukan ze garrantzitsua zen mota honetako esparruak sortzea emakume proletargoa borroka komunistaren parte egiteko, emakumeen heziketa politikorako, borroka komunistara batzeko, klase kontzientzia garatzeko...", azaldu zuten hizlariek.

Gaineratu zuten mugimenduaren ibilbidea ez zela oso luzea izan, baina aurrerapen historiko garrantzitsuak egin zirela. "Argi ikusi zen emakumeen askapenak eta klase independentziak zelako lotura zuten, heziketa politikoak duen garrantzia emakume proletargoaren artean; klase kontzientzian hezteko eta baldintzak jartzeko emakumeak ere borroka komunistara batzeko...(...) Heziketaren garrantziaz jabe izanda Itaian lan-lerro horretan jarraituko dugu gaurkoa moduko hitzaldiekin edota Emakume Eskoletan egiten dugun lanarekin. Oso garrantzia da zein testuingurutan bizi garen kontziente izatea, eta zein den gure errealitatea".

Hain zuzen ere, Itaia kolektiboan kritiko dira azken urteetan Martxoaren 8ak izandako bilakaerarekin: "Guztiz despolitizatu den egun bat dela iruditzen zaigu. Borroka eguna beharko luke, baina kasu gehienetan aurpegi zuriketarako erabiltzen da". Joera horri kontra egiteko Bergaran deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dute. 19:00etan izango da, San Martin plazan.

Gogoeta saioa amaitutakoan kontzertuen txanda izan zen kartzela zaharrean, atzo. Uda-Azken taldea hasi zen. Ondoren etorri ziren Bassagain eta Maixa & Malakias.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak