Martxoaren 8a hilabete osora zabalduko dute bergararrek

Uxue Igarza Loiola 2022ko mar. 4a, 09:40

Bergarako eragileek eta Udalak egitarau zabala osatu dute Martxoaren 8aren bueltan, eta gaur bertan egingo dute lehengo ekimena. Bestetik, bailarako gainerako mugimendu feministekin bat eginda, agerraldia egin dute asteon feminista bergararrek.

Gaur, hilak 4, Hive helduentzako pelikula eskainiko dute Seminarixoan, eta biharko bi ekimen daude programatuta: 10:30etik 12:30era, Shotokanek antolatuta, 14 urtetik gorako emakumeentzako defentsa pertsonalerako doako ikastaroa izango da –Agorrosinen eman behar da izena–, eta, bestetik, 20:00etan, Sexberdinak antzezlana eskainiko dute Seminarixoan.

Domekarako, berriz, 17:00etan, haurrentzako Ainbo filma emango dute Seminarixoan, eta 19:30ean, Hive eskainiko dute berriz. Pelikula horrek hirugarren emanaldi bat ere izango du, astelehenean, hilak 7, ordu eta leku berean. Horrez gain, astelehenean, 12:00etan, Duintasuna taldearen kontzentrazioa izango da San Martin plazan.

Manifestazioa Martxoaren 8an

Emakumeen Nazioarteko Egunerako, Martxoaren 8rako, Martxanterak talde feministak manifestazioa deitu du. 19:30ean abiatuko da, San Martin plazatik. Horrez gain, Bedelkarrek antolatuta, herriko merkatariek maskara moreak banatuko dituzte, "elkarrekin geldiezinak" diren ideia sustatzeko.

Hilabete bukaerara artekoak

Martxoaren 8tik hilabete bukaerara arte ere zabaldu dute egitarau morea. Asteazkenean, hilak 9, Zinegoak film laburren emanaldia egingo dute Seminarixoan, 20:00etan, eta egubakoitzean, Leire Moñux musikariak kontzertua eskainiko du, ordu eta leku berean.

Bukatzeko, hilaren 11tik 27ra bitartean, Bergarako emakume artisten erakusketa egongo da ikusgai Aroztegi aretoan. Bertatik bertara, emakume baserritarren bizitza du izena.

Urratsak egiteko konpromisoa

Otsailaren 28ko osoko bilkuran, adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzak, aho batez. Berdintasun-politikak garatzeko "baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak" indartuko dituztela adostu dute alderdiek, eta administrazioko langileen "barne-prestakuntza" bultzatuko dutela. Horri lotuta, "indarkeria matxista jasan dutenei arreta emateko sistema" indartuko dutela adierazi dute. Bestalde, herritarrei begira, "sentsibilizazioan sakontzea" eta "emakumeak ahalduntzeko neurriak garatzen jarraitzea" dira asmoak, besteak beste. Berdintasunerako legearen aldaketak "berdintasun politikak indartzea" ekarriko duela ere azaldu dute udal adierazpenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak