Arrizuriaga kultur leku bilakatzea, Udal Gobernuaren 2022ko asmo nagusien artean

Jone Olabarria 2022ko mar. 3a, 14:07

Egonkortze lanak egin eta parte hartze prozesua abiatuz, kultur topagune bilakatu nahi dute arrizuriaga. 'Bergara izan, bizi, ekin' eta 'Bergara 2030, Egin Herrixa' planen baitan, asteon aurkeztu ditu 2022ko egiteko nagusiak Udal Gobernuak

2022an egiteko aurreikusi dituztenen artean bi proiektu handi nagusitu dituzte: dagoeneko martxan dagoen Zubieta eta Masterreka kaleak berrurbanizatzea eta Arrizuriagan kultur proiektua garatzea. Ho-riekin batera landu gura dituzten beste 56 egitekorekin batera, une honetan Larramendi auziak eta Boluko maldak ere aurreikuspenen artean leku garrantzitsua dutela aitortu dute.

Arrizuriaga, kultura topagune

Arrizuriaga jauregian herritarrekin batera egin nahi dute kultura proiektua: "Eraikinaren ondare izendapenarekin gora- behera batzuk izan ostean, eta adjudikazioa eginda, ekainerako hasi gura da lanekin. Paraleloan egingo dira parte-hartze prozesuarekin batera. Teilatua konpondu eta barruan espazio diafanoak sortuko dira, ostean horien erabilera askotarikoa izateko, besteak beste". 593.000 euroko aurrekontua du.

Zubieta-Masterreka ardatzaren berrurbanizazioari dagokionez, lanak "martxa onean" doazela zehaztu du jarduneko alkate Ainhoa Letek. Horiekin batera, mugikortasun azterketa lantzen ari direla ere adierazi dute, eta "laster" aurkezteko asmoa dutela, lehentasunak zehaztu ostean.

Ortu komunitarioak, udarako

San Martzialera bidean, guztira, 90 partzela izango direla azaldu dute, eta ekainerako prest ego- tea aurreikusten dute: "Obrak hasteko daude eta erabilera irizpideak zehazten gabiltza. Oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko bi bide moldatuko dira, baita lau aparkaleku ere, zama- lanetarako". Proiektuaren lehen aurkezpenean "interesdun asko" izan ziren, eta behin baldintzak zehaztuta horiekin eta interesdun berriekin harremanetan jarriko direla azaldu dute.

San Joxepeko arreta zentroa

Dependentzia apala duten adinekoentzako zentroak gehienez hamabi pertsonendako lekua izango du. Mankomunitateko gizarte mapatik eratorrita, era- bilera irizpideak ezartzen ari direla zehaztu dute, eta behin horiek finkatuta martxan jartzea da asmoa. Udal zerbitzu bat izango dela azaldu dute, baina zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatu bati esleituko zaio.

Auzoetan hainbat lan

Herriguneko proiektuez gain, auzoetan ere hainbat lehentasun finkatu dituzte. Horien artean dago Osintxu bizi plana: "Premiak aztertzeko mahai bat eratu eta zenbait ekintza gauzatu dira. Kudeaketa publiko-pribatua du, Soraluze enpresak ere parte hartu eta bere fondo soziala bertara bideratuko du". Buruñaoko bidegurutzearen segurtasuna bermatzeko asmoz, bidegurutzea ordenatzeko lanak egingo dituzte. Bestalde, gauzatzeko dirulaguntza baten zain dauden arren, Elosuko frontoian ere konponketa lanak egin gura dituztela azaldu dute, "erabilera askotariko gune bat izan dadin".

Ikerketa giza-eskubideen urraketen inguruan

1936tik hasi eta gaur egun arte Bergaran egon diren giza eskubide urraketa mota guztien inguruko ikerlana egingo dutela azaldu dute, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik: "Horretarako, artxibo lanaz gain, herritarren parte-hartzea ere beharko da, eta helburua da memoria partekatu baterako pausuak ematea. Batutakoa webgunea batean jasoko da".

Boluko malda eta Valogreene

"Une honetan nobedaderik ez dagoen arren" aurtengo planen artean jarraipen berezia izango dutenak direla azaldu dute. Boluko maldari dagokionez, lurraren jabe nagusi Murua Balzola fundazioarekin akordiora iritsi gabe, eta "egoera emergentziazkoa" izanda, bigarren faseko egonkortze lanak Udalak hartuko ditu bere gain.

Gainerakoan, eta beste askoren artean, ziburuak jarri nahi dituzte Martinez de Iralako karpan, Ehunduren bulegoa Mizpildi kalean finkatuko dute, Azoka biziberritzeko plana garatuko dute eta ur-jolasak jartzeko prozesua abiatuko dute –ez dira aurtengo udarako egongo–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak