Laida Lertxundiren 'Landscape plus' artelana jasoko dute Elkorok eta Ayastuy-k

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ots. 28a, 15:13

Kristina Markina, Iratxe Esnaola eta Jesus Mari Lazkano, gaur, Olaso dorrean egindako agerraldian; pantailan, Laida Lertxundi artista.

Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuy-k jasoko duten 2022ko Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria Laida Lertxundiren artelan bat izango da, Landscape plus izena duena; gaur iragarri dute aurtengo artista, Olaso dorrean egindako agerraldian. Sari emate ekitaldia martxoaren 10ean izango da, Seminarixoan (18:30).

Olaso Dorrea Fundazioaren presidente Iratxe Esnaolak, Bergarako Udaleko kultura zinegotzi Kristina Markinak eta Monzon-Ganuza saria hautatzeko adituen taldeko kide Jesus Mari Lazkano margolariak egin dute saria aurkezteko agerraldia gaur.

Esnaola: "Euskal artista berriak sustatzeko ere balio du sariak"

Iratxe Esnaolak gogoratu du euskal artista berriak sustatzea dela ekimenaren helburuetako bat: "Saria euskal artista berriak sustatzeko ere erabiltzen da. Urtero artista berri bati eskainiko zaio saria diseinatzeko aukera edo aurretik egina duen bat emateko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtzen da, eta modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi da".

Lertxundi: "Paisaia eta gorputza plazer gisa interesatzen zaizkit"

Laida Lertxundi artista eta irakaslea da. Bere praktika artistikoa New Yorken eta Los Angelesen garatu ondoren, Euskal Herrian bizi eta lan egiten du egun. Landscape plus artelana honela definitu du: "Argazki analogikoa atera nuen Chocolate Peak mendi tontorretik, Kaliforniako basamortuan. Gero argazki horretatik fotograbatu bat egin nuen, irudi honetan urdina agertzen dena. Eta beste alde batetik Yoko Onoren Fly filmeko fotograma batekin beste geruza bat gehitu nion chine colé teknikarekin. Tintaz egindako beheko marra gorria Jasper Johns-en lanari egindako keinu bat da. Berak lerro hauek erabiltzen zituen konposaketak borobiltzeko. Paisaia eta gorputza nire lanean etenik gabe agertzen diren elementuak dira. Eta plazer eta esperientzia zentzu gisa interesatzen zaizkit. Hau da, paisaian egoteak berak harreman bat sortzen du paisaia eta gorputzaren artean. Gorputz prozesu hauek prozesu teknikoak bilakatzen dira"

Laida Lertxundi: "Paisaia eta gorputza nire lanean etenik gabe agertzen diren elementuak dira. Eta plazer eta esperientzia zentzu gisa interesatzen zaizkit. Hau da, paisaian egoteak berak harreman bat sortzen du paisaia eta gorputzaren artean"

Antolatzaileen arabera, zorroztasun kontzeptuala plazer sentsualarekin konbinatuz, Lertxundiren lanak arte kontzeptualaren eta zinema estrukturalaren ideiak eta gorputzetik lan egiteko ikuspegi feminista erradikala batzen dituzten lekuen miaketa erakargarri eta autofexiboak dira.

Lazkano: "Etengabe mugitzen ari den obra bat da"

Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak artista proposamena egiteko hiru aditu artistiko izendatu zituzten: Bergarako Beart arte elkarteko Karlos Galarraga, Jesus Mari Lazkano margolaria eta arte historialari zein komisario Mikel Lertxundi. Haiek hautatu dute Laida Lertxundi, aurtengo sariaren egilea. Jesus Mari Lazkanok aurkeztu du Lertxundi taldearen izenean. "Artea aspaldi urrundu da teknika eta genero tradizionalen muga estankoetatik. Eta forma ezagun horiek adierazpen-tresna baliagarriak izaten jarraitzen duten arren, gaur egun ikuspegi berriak gehitzen dira, lan artistikoari beste modu batera heltzen diotenak. Ideia eta jarrera desberdinak, hala nola mestizoa, diziplinartekoa, trans-media, collagea, zatikatua, testuingurutik ateratzea, prozesua, disruptiboa, sarean lan egitea eta, batez ere, mugimenduan dagoen irudia, ikus-entzunezkoa eta zinematografikoa, artearen errepertorioaren parte dira".

Laida Lertxundik egoera berri horri erantzuten diola gehitu du Lazkanok: "Etengabe mugitzen ari den obra eskaintzen digu, oso bisuala, ikusizko kodeak trukatuz, non prozesuak garrantzia hartzen duen, oreka bizian eta amaierarik gabe. Kontzeptuzko mugarik gabeko eraikuntza artistikoa, baina berezko zigiluarekin, ikuspegi ireki eta nahasi bat birdefinituz, ikuspegi pertsonal batetik. Belaunaldien proposamen berri horrek ezarritakoaren paradigma aldatzera behartzen gaitu, ezagututakoaren baretasuna, espero zenaren erosotasuna eta ezezagunaren aurrean jartzen gaituena"

Markina, saridunez: "Euskal Herriaren alde bizitza betea eman dute"

Kristina Markinak saridunen balioa gogoratu du. "Euskal Herriaren alde bizitza betea eman dute. Euskara min eta lehentasun, gure iraganarentzat etorkizun bat eraikitzeko lanean aritu dira beti. Baldintza latzetan batzuetan, egoera zailetan gehienetan. Proiektu askotan eta askotarikotan aritu dira haien bizitzan. Esaterako, Bergarako ikastolaren sorreran parte hartu zuten, Elay familia enpresan euskararen normalizazioan aitzindari, alkateen mugimenduan...".

Sarrerak hartzeko aukera, martxoaren 1etik aurrera

Sari-emate ekitaldia martxoaren 10ean izango da, Seminarixoa (18:30). Sarrerak hartzeko aukera martxoaren zabalduko da seminarixoa.eus plataforman eta Seminarixoko txarteldegian. Pertsona bakoitzak lau gonbidapen hartu ahal izango ditu gehienez, amaitzen diren arte. Txarteldegian emanaldiak dauden egunetan haiek hasi eta ordubete lehenago egun eta ordu hauetan:

  • Martxoaren 2an: 19:00etatik 20:00etara.

  • 4an: 18:30etik 19:30era.

  • 5ean: 19:00etatik 20:00etara.

  • 6an: 16:00etatik 17:00etara eta 18:30etik 19:30era.

  • 7an: 18:30etik 19:30era.

  • 9an: 19:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak