Gizarte politiken Gipuzkoako eredu propioa nabarmendu du Peñak. "Uste dut garrantzitsua dela gure eredu propioa herritar guztiek ezagutzea, hura babesteko, batez ere". Halaber, hainbat datu ere eman ditu foru diputatuak. Esaterako, 5.425 plaza daudela adinekoen egoitzetan gaur egun (%85, publikoak), 65 zentrotan banatuta. Horrez gain, 1.500 pertsonak jasotzen dute eguneko zentroetako zerbitzua 16.000 dira mendekotasun prestazioa jasotzen dutenak.
Bestalde, COVID-19aren pandemiak gizarte zerbitzuen sistemari nola eragin dion azaldu du Peñak. "Pandemiak azkartu egin ditu mahai gainean genituen lanketak, batez ere arreta ereduan aurrerapauso bat emateko eta arreta pertsonalizatuagoa izateko".
Aldundian garatzen ari diren Agenda 2020-2030 estrategia ere nabarmendu du Gizarte Politiketako diputatuak. "Hamabi ardatz ditugu eta askotariko ekintzak, 82 milioi eurorekin. Esan dudan moduan, arreta eta pertsonalizazioa hobetuko ditugu, eta erabiltzaileen nahiak eta desioak ere kontuan hartuko ditugu".
Adinekoen egoitzetako gatazka
Saioaren aurretik, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek protesta egin dute UNEDeko eraikinaren sarreran, lan-baldintza duinak eskatuz eta Maite Peñari haiekin biltzeko eskatuz.
Horri buruz galdetuta, diputatuak azaldu du ez dela haien eskumena. "Ahal dugun guztia egiten ari gara, negoziazio mahaian adostasun batera iritsi daitezen, baina hori ez dagokigu guri. Hori EH Bilduk egin zuen, baina ez guk. Diputazioari dagokiona da arreta bermatzea eta tarifa ezartzea, eta hori da egin duguna".
Gaineratu du negoziazio mahaia geldi dagoela. "Gehiengoa daukan sindikatua ez da gurekin eseri urte askotan eta une oro Diputazioari eskatzen ari zaio negoziatzeko, baina guri ez dagokigu lan-baldintzen negoziazioan sartzea".+
Nabarmendu du ulertzen dituela langileen aldarrikapenak. "Uste dut, gainera, kolektibo bakoitzak borroka egin behar duela haien lan-baldintzak hobetzeko. Baina gaia asko politizatu da eta konfrontazio politikorako erabiltzen ari dira lan gatazka hau; erabilera mediatikoa egiten ari dira"
Gipuzkoan eredua publiko-pribatua dela nabarmendu du eta. "Gainera, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ditugun lan-baldintzak inguruko hoberenak dira. 35 lanorduko jarduna dute, oinarrizko soldata 1.560 eurokoa da, 14 pagarekin. Gainera, 2015etik %10eko hazkundea izan dute tarifek".
Baldintzak bakarrik ez, ratioak ere "oso onak" direla dio. "Horrek ez du esan gura nahikoak direnik. Egin behar dena da dauden beharrak asetzeko ratio egokia aurkitu".