Txibisto aretoaz eta aurreko garaiaz, orduko lantalde berezia bidelagun

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ots. 18a, 11:03

30 urte bete dira aurten Txibisto itxi zutela, eta efemeridea baliatu du GOIENAk areto ezaguna kudeatu zuen lantaldearekin elkartu eta atzera begiratu bat egiteko; Verdury Hall-etik hasita 1992ra arte, Bergarak bizi izan zuen urrezko aroaren lekuko biziak dira. 

30 urte bete dira aurten San Juan auzoko Txibisto aretoak ateak itxi zituela betirako; gaur egun Izpi enpresa dago pabiloi horretan. 1980ko hamarkadan gaztaro betean zeuden bergararrek, debagoiendarrek eta, oro har, euskaldunek dantzaleku erraldoi bezain berezi hartaz gordetzen dituzten oroitzapenen zerrenda amaigabea da, 1984tik 1992ra bitartean Bergarako gauak bizi izan zuen urrezko aroaren seinale. Euskaldunon egunkaria-k 1992ko urtarrilaren 16ko zenbakian eman zuen Txibistoren itxieraren berri, eta albistea honela titulatu zuten: Kontzertu leku interesgarrienetako bat galdu du Euskal Herriko mapak.

Felix Zubia Sanpru, Guillermo Gomez, Jesus Bolibar eta Julen Narbaiza, Txibiston, Kaixo 1985 saioaren grabaketan. Argazkia: Javier Areitio.

40 urtetik gorako harreman estua

Efemeridea baliatuta, Txibistoko urte "ahaztezin" haiek posible egin zituen lantaldea batu du GOIENAk Boluko Txipiron elkarte gastronomikoan: Felix Zubia Sanpru (Bergara, 1950), Fernando Otaño (Bergara, 1952), Iñaki Pedrejon (Bergara, 1953), Jesus Bolibar (Bergara, 1954) eta Julen Narbaiza (Bergara, 1956). Kuadrilla berekoak ez izan arren, urteen poderioz harremana estutzen joan zen euren artean, gaur egunera arte modu naturalean mantentzeraino. "Momentu txarrak eta zailak pasa genituen, familian edo gertukoenen artean ere kontatzen ez genituenak. Baina arazoren bat sortzen zenean, irtenbideak bilatzen jartzen ginen eta ez elkarren aurka egiten... Hor egon zen gure benetako arrakasta, ez da-eta batere erraza horrenbeste urtetan halako harreman ona mantentzea, bereziki dirua sartzen denean tartean", dio Sanpru-k.

Felix Zubia 'Sanpru': "Une zailetan beti irtenbidea bilatzea izan zen gakoa arrakastarako"

Beste eredu baten sustatzaileak

Txipiron elkartean kafe baten bueltan eseri eta berehala ohartu da kazetaria gaur egun hilzorian dagoen lan egiteko modu baten ordezkariak izan zirela, diru asko mugitu zuen negozio bateko arduradunak izanda ere, herrigintza eta elkartasun eredu eskuzabal baten sustatzaileak izan zirela. Bergarako jaietarako taldeak ekartzen hasi ziren 1977. urtearen bueltan, eta 1992ra bitartean hainbat eta hainbat kontzertu antolatu zituzten, bestelako ekimenekin batera; betiere, garai hartan diru behar gorria zuten elkarteak edota ekimenak babesteko. Adibidez, Club Deportivo –gaur egun BKE dena–, 1971n sortu zen Aranzadi ikastola, gerora gaztetxea izan denaren oinarria izan zen Juventudes Parroquiales...

Lehen hazia, Verdury Hall-en

Txibistoren fenomenoa ulertzeko urte batzuk egin behar dira atzera, eta San Martin plazan zegoen Verdury Hall aipatu. Gaur egungo Kutxabanken sukurtsalaren gaineko pisuan zegoen, eta bereziki 1967tik 1971ra zuzeneko musikarekin girotutako dantzaldien topaleku izan zen. Berdura plazetako edo azoketako dantzaldiak ez ziren Bergarako kontua bakarrik – Arrasaten oso ezagunak ziren Seber Altubeko berdura plazako domeketako dantzaldiak, adibidez–, baina izen anglosaxoia jarri izana bergararren asmakizuna izan zen. "Ordurako, musika modernoa ezaguna zen nazioartean, The Beatles, The Rolling Stones eta enparauak ezagunak ziren, eta, seguruenik, hortik jarri zitzaion izena", dio Sanpru-k. Leku itxi bat izatera, neguko domekak girotzeko baliatzen zituzten herritar askok. Diktadura garaiak ziren, musika taldeei –conjunto deitzen zitzaien garai haietan– emanaldien aurretik jo behar zituzten abesti guztien letrak eskatzen zizkieten urteak, eta euskarak ez zuen presentziarik errepertorioan. "Gazteleraz edo ingelesez abesten zuten eta soul zein pop doinuak ziren nagusi", dio Narbaizak. Eta honako hau gaineratu du Bolibarrek: "Verdury-n euskaraz abesten entzun nuen lehen taldea Yoloak izan zen".

Verdury Hall-eko kontzertu bat. Argazkia: Bergarako Udal Artxiboa-Toribio Jauregi fondoa.

Verdury Hallen azken urteetan, gerora ospetsu egingo zen Egan taldeak ere jo zuen, Otañok zehazten duenez: "1971ko Pentekosteetan eman zuten lehen kontzertua Bergaran, Verdury Hallen. Lau emanaldi eskaini zituzten eta guztiek izan zuten harrera bikaina. Horregatik, hurrengo urteko jaietara itxoin barik, 1972ko Errege bezperan frontoian jo zuten. Hori izan zen hainbat urte iraun zuen ohituraren lehen hazia. Hortik dator, neurri batean, behintzat, Errege bezperako gaua horren berezia izatea Bergaran". Belaunaldi berriak harrituko dituen bitxikeria bat ere gehitu du Otañok: "Azoka ez zen apenas egokitzen; barazkiak, frutak eta bestelako produktuak estali, erdigunean lekua irabazi eta mundu guztia dantzatzera, baita arrain usain artean ere".

Juventudes Parroquiales

Kartzela zaharra da gaztetxea gaur egun, baina ernamuina Komenio kaleko Juventudes Parroquiales-en kokatu beharra dago, Elizaren jabetzakoak ziren lokaletan, 1960ko hamarkada erdialdean. Ikuspegi musikaletik, Otañok kontzertu berezi bat du gogoan: "Pantxoa eta Peiok Hego Euskal Herrian eman zuten lehen kontzertua Juven-en eman zuten, 1970ean". Euskal Herri osoan famatu egin aurretik izan zen hori, baina ez ziren osperako jauzia eman aurretik Bergaran jo zuten bakarrak. "Oskorrikoak ere askotan egoten ziren Juven-en, etxean moduan egoten ziren", dio Sanpru-k. Talde zehatzez harago, sekulako mugimendua zegoela gogoratu du Narbaizak: "Ez zegoen besterik, kalean eta saltsan ari bazinen Juven zen bestelako aukera ia bakarra". Ume izatetik gazte izatera pasatzeko "salvoconducto-a" bertan jasotzen zen, Sanpru-k dioenez: "16 urte izan behar zenituen bertara sartzeko; gogoan dut hauetakoren bati [mahaiaren bueltan dituenei begira] txartel faltsuren bat ere egin geniola... [Barreak]. Prestigioa ere ematen zuen". 

Asteburua agurtzeko 'espuela'

Bergarako gauak bizi zuen eztandaren adibide da Espuela fin de semana. Hala gogoratzen du Otañok: "1966tik Ariznoa dantzalekuak sekulako arrakasta zuen egubakoitz eta zapatu gauetan. Jende asko mugitzen zuen, eta, Club Deportivorendako dirua lortzeko asmoz, akordio batera heldu ginen jabearekin, domeka gauetarako. Espuela fin de semana deitu genuen, 1977tik 1981era sekulako arrakasta izan zuena. 1960ko hamarkadako musika jartzen genuen eta talde hasiberriendako kontzertu leku bat ere bazen". Frontoia, nazioarteko agertoki Frontoia izan zen lantaldearen hurrengo geltokia, betiere, elkarlanean arituta. "Herri erdian kokatuta, estalia eta dimentsio handikoa izanik, aukera moduan ikusi genuen", dio Narbaizak. Udal pilotalekuan ikusi zuten kontzertu gogoangarrien artean, ezbairik gabe, Los Bravos taldeak 1968ko uztailaren 31n eman zuena aipatu dute; orduko erakundeek ekarpen handia egin zuten, Angel Azkarate-Askasua zinegotziaren "ezinbesteko" bultzadari esker, eta Juventudes Parroquialesek ere lagundu zuen jaialdi hartarako. "Black is black abestiarekin Europa mailan arrakasta itzela zutela etorri ziren, sekulakoa izan zen. Gogoan dut sarrera 100 pezeta ordaindu nuela, eta Los Bravos ekartzeko aurrekontua 130.000 pezeta izan zirela", esan du Narbaizak. Baina bereziki gogoratzen dute udaberri hartan Juven-etik antolatu zuten musika talde hasiberrien lehiaketa. "Euskal Herri osoko hamabi bat talde aurkeztu ziren, eta txapelduna zein txapeldunordea, Donostiako Los Picos eta Ordiziako Bostak, telonero aritu ziren Los Bravosekin, sari moduan", zehaztu du Otañok. Gerora, hainbat kontzertu esanguratsu izan ziren frontoian: Orquesta Mondragon, Mocedades, Ian Gilan (Deep Purple), Sleepe La Beef, edota Errobiren zein Gontzal Mendibil eta Xabier Castillo Xeberri-ren agurrak...

Julen Narbaiza: "Ordura arteko lanaren jarraipen moduan ulertu behar da Txibisto"

Txibisto "ondorio bat" izan zen

Narbaizaren arabera, Txibisto irekitzea "ondorio bat" izan zen: "Ordura arteko lanaren jarraipen moduan ulertu behar da". 1984rako dantzaleku edo areto handiak arrakasta izaten hasiak ziren eta testuinguru hartan erabaki zuten "abentura" horretan sartzea. Aretoaren izena Silbestre Ariznabarreta Txibisto zenaren omenez hartu zuten, gaizkile fama zuen auzotar bat.

New Yorkeko Ramones taldearen zuzenekoa Txibiston, 1991ko martxoaren 17an. Argazkia: Bergarako Udal Artxiboa-Arizondo fondoa.

1992ra arte denetarik antolatu zuten Txibiston, eta kontzertuei dagokienez hamaika aipatu daitezke: "Alaska eta Dinarama izan ziren 1985ean jotzen lehenak. Orduan, Alaskak punk estetika zuen, eta musika estilo horretako talde asko pasatu ziren; nazioartean, Toy Dolls, GBH, UK Subs, Cockney Rejets eta Ramones [argazkian], adibidez. Euskal Herritik RIP, Cicatriz, La Polla eta Kortatu ere izan ziren, besteak beste. Sepultura eta Barricada taldeekin izan ziren betekada handienetakoak, eta ustekabeko ziztada ekonomiko bat edo beste, Mecanorekin bezala. Hala ere, edozein estilok zuen lekua Txibiston... [...] Hertzainak-ek 1991n grabatu zuen zuzeneko disko bikoitza eta Eganen Hemen gaude diskoaren azala aretoaren inaugurazio eguneko argazki bat da. Amaitzeko, Deep Purple taldeko abeslari ohi Ian Gillanek Smoke on the water abestu zigun kontzertua amaitzeko, eta hori izan zen Txibistoren agurra kontzertu areto gisa ere", dio Narbaizak. Jam-ek hartu zuen lekukoa 1992an itxi zuten Txibisto, baina eragin zuen beste bergarar batzuek Jam aretoa irekitzea 1996an. Jam ere kontzertu-leku erreferentea izan zen hainbat urtez.

1986ari ongietorria, zuzen-zuzenean

Txibisto aretoa kudeatu zuen lantaldea nolakoa zen ulertzen laguntzeko anekdota bat eder bat dago, bergarar askok ezagutuko ez dutena. 1985ari ongietorria egiteko, ETBk saioa aldez aurretik grabatu zuen Txibiston, baina langileen greba baten ondorioz ez zen 1984ko abenduaren 31n emititu. Arantza hori kentzeko hurrengo Gabon zaharretarako zuzenekoa eurek egitea erabaki zuten: "Behar ziren ateak jo ostean konturatu ginen teknikoki posible zela. Leku altu batean egin behar zela esan ziguten, eta San Miguelen egin genuen. Arbola batera igo ginen, transmisoreak seinalea hartu zezan, eta walkien bidez konfirmatu ziguten herriko puntu batzuetan –Zubieta kalean, bereziki– sintonizatzeko aukera zegoela. Zuzenekoa bera minutu gutxikoa izan zen, eta gainerako programazioa Club Deportivoren bueltako irudiekin osatu genuen. Eguraldi oso txarra egiten zuen, hotza eta txingorra tarteka, eta hango baserritarrari halako pena eman genion, afaltzera gonbidatu gintuen... [Barreak]". Narbaiza kamerari lanetan eta Sanpru kazetari, orduko Club Deportivoko presidentea elkarrizketatu zuten, besteak beste. Debagoienak ezagutu duen lehen zuzenekoa izan zen hura...

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak