Bergarako udal artxiboa "kalera ateratzea" eta herritarren eskura jartzea nahi dutela azaldu du Ainhoa Letek. Horretarako ekimen desberdinak egingo dituzte: "Argazkiak kalera ateratzen, hasitako bideari jarraituz, artxiboan dauden argazki batzuk tamaina handian herriko leku esanguratsuetan jarriko dira, gure historia ezagutaraziz eta aitortuz, esaterako". Gazteei zuzenduta ere, material didaktikoaz gain, "erakargarriagoa" egingo zaien Escape room birtuala egiteko asmoa dutela azaldu dute.
Webgune berritua, martxan
Ia bi urteko lanaren ostean, webgune berritua ere aurkeztu dute. Azaldu dutenez, itxura aldaketaz gain, "erabileran aurrera pausoa" ekarriko du, erabilera errazago batekin: "Oinarrizko bilaketak egin nahi dituen herritarrak erraz egin dezake, eta ikerketarako bilaketa aurreratuagoak egin behar dituenak horretarako aukera ere badu. Era berean, aukera ematen du bilatzen ari zaren dokumentu horren testuingurua ezagutzeko, eta hori oso baliagarria da".
Argazkiak zuzenean deskaragatzeko aukera ere eskaintzen du, Creative commons 4.0 lizentziarekin. Gogorarazi dute milaka dokumentu daudela eskuragarri: "Material mota desberdinak daude, asko digitalizatuak. Adibidez, 23.000 testu baino gehiago daude, eta 36.000 argazki inguru".
Transkripzioak egiteko aukera
Esku-izkribuak transkribatzeko aukera eskaintzen du webguneak elkarlanean, iturriak.eus tresna erabilita: "XIX. mendera arteko dokumentuak eskuz idatzita daude, eta askotan norberak irakurri eta idatzi behar ditu ulertu ahal izateko. Pertsona batzuk lan hori egiteko zailtasunak izan ditzakete, eta iturriak.eus-i esker aukera dago lan hori elkarlanean egiteko".
Argazkietako lekuak eta pertsonak identifikatzeko atala ere jarri dute martxan: "Tarteka, Udalaren sare sozialen bitartez argazki jakin batzuk lantzeko deialdia egingo zaie herritarrei, baina norberak nahi duenean ere egin dezake webgunearen bitartez".