Euskal Herriarekin lotuta, torturaren inguruko ibilbidea egin zuen Arzuagak kontakizunean. Torturatzaileen "inpunitatea" izan zuen hizpide, eta baita, adibidez, nola murriztu zen inkomunikazio aldia hamar egunetik bostera "sasi-demokrazia" deitu zuenaren iritsierarekin, eta horrek ekarri zuela metodo aldaketa, oro har: bainuontziaren ordez, poltsa; elektrodoak beharrean, muturreko ariketa fisikoak; eta kolpeen lekuan, mehatxuak. Bost egunek ez zutelako zauriak sendatzeko eta tortura zantzuak desagerrarazteko denborarik ematen.
Europako erakundeek, torturarekin lotuta, Espainiari buruz esandakoak gogora ekarri zituen, eta baita torturatutako 4.113 euskal herritar zerrendatu zituen Paco Etxeberriaren txostena ere.
Eukene Gracia 1991ko otsailaren 16an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta jasotako torturak azaldu zituen [Bideoan].
Xabier Arregik kontatu zuen umetatik irakurri eta entzun zuela torturen berri, izua ziela, eta 2001eko martxoaren 11n atxilotu zutenean, zekarren beldur haren eta uneko tratu txar psikologikoen ondorioz, berak usteko ez zukeen moduan jokatu zuela. Beretzat porrot pertsonala izan zela zioen [Bideoan].
Arrasaten elkarretaratzea
Torturaren Aurkako Eguna dela eta, Arrasateko Sortuk elkarretaratzea deitu du domekarako, 13:00etan Herriko Plazan.