Buruñao auzoan bidegurutze bat hobetzeko Arzelus Larrañaga familiaren partetik Udalak 135 metro koadroko lur eremu bat lagapenean jaso izanarekin pozik dago Udal Gobernu. "Berri ona da, auzokoek urtetan egin duten eskaera bati erantzuteko pausu bat baita", adierazi du EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik.
Eremu horretan ibilgailuek, bidegorriko bizikletek eta oinezkoek bat egiten dute, estua da, eta ikusgarritasun murritza dago. Horregatik, zabaldu egingo da bidegurutzea, bide zati bat gehituz, bi norabide izango ditu, ez da alde batetik bestera gurutzatu beharko, eta ikusgarritasuna hobetu egingo da, segurtasuna handituz. Aho batez onartu zen lur lagapen hori.
Abortuaren bueltako jazarpena salatzeko mozioa ere, aho batez
Aho batez onartu zen, aldi berean, alderdi sozialistak aurkeztutako Jazarpenik gabeko abortua izeneko mozioa. Haurdunaldia borondatez eteteko kliniketara jotzen duten emakumeen aurkako edozein jazarpen edo askatasun urraketa salatu eta jazarpen-jokabide horiek zigortzearen aldeko mozioa da. "Zoritxarrez, oraindik ere XXI. mendean albiste izaten ari da emakumeek haurdunaldia borondatez eteteko duten eskubidea, eta horregatik egin duguna izan da mozio bat aurkeztu. Mozioaren lehen helburua izan da giza eskubideekin, parekidetasunarekin eta emakumeen kontrako edozein eraso edo jazarpen salatzerako orduan dugun konpromisoa berrestea Bergarako Udalaren eta Bergarako herriaren izenean. Eta bigarren helburua izan da Udal moduan ditugun baliabide guztiak martxan jarriko ditugula berrestea, esaterako, sexu heziketaren alorrean", dio PSE-EEko eledun Alberto Alonsok.
EAJko bozeramaile Irune Galarragak ere emakumeen kontrako edozein eraso salatu zuen: "Emakumeon eskubide bat da, onartua dagoena, eta onartezina da biolentzia mota horrek ere egun irautea. Emakumeendako egoera jasanezina izateaz gain, emakume horiei laguntzeko osasun langileen kontra azken boladan zabaltzen ari diren kanpainak gogor salatzen ditugu".
Sexu-heziketarako eta nahi ez diren haurdunaldiak prebenitzeko programen barruan, besteak beste, gaztelekuan sexu heziketarako begirale berriak gaztetxoekin egiten duen lana azpimarratu zuten atzoko bilkuran.