Bertako basoa berreskuratzea helburu duen Kukubaso elkarteak lortu du lehen lur eremua, lagapenean, Agirretxeberri baserriko lurretan. Bertako basoa berreskuratzeko helburuarekin gauzatu den Debagoieneko lehen lagapena da, Nagore Jimenez eta Ives Roos lur jabeei esker etorri dena. "Baserria erosi aurretik abereak ziren nagusi larre honetan. Guk garbi genuen egun batetik bestera ezin ginela abeltzain bihurtu, baina nahi geniela zelai hauei erabilera bat ematea. Asmo horrekin ari ginela sortu zen Kukubaso, eta, euren helburuek gure pentsamenduekin bat egiten dutenez, akordioa gauzatu genuen. Sastrakaz betetzen ari zaizkigu lurrak, eta guk geuk egiteko lan gehiegi da; horregatik, ez diogu arazoari irtenbide hoberik ikusten pixkanaka bertako basoa berreskuratzen joatea baino", azaldu du Jimenezek.
Nagore Jimenez: "Gure lurrei ez diegu irtenbide hoberik ikusten pixkanaka bertako basoa berreskuratzen joatea baino"
Akordioa: 25 urterako lagapena
Akordioan jasotzen denez, lurren jabe izaten jarraituko dute Jimenezek eta Roosek, baina eremuaren kudeaketa eta zaintza Kukubaso elkartearen ardura izango da datozen 25 urteetan. Hau da, Kukubasoren ardura izango da bertako basoa garatzen ari dela bermatzea; zapatuko landaketara begira gogotsu daude lur jabeak ere. "Akordioarekin eta zapatuan landaketak egingo direla jakitearekin ilusioz eta gogotsu gaude; bide luzea izango da, eta horregatik komeni da lehenbailehen abiatzea", deritzo Jimenezek. Duela hamahiru urte etorri zen Roos Belgikatik Bergarara, eta, bertan "oso gustura" bizi dela aitortzeaz gain, duela ia hiru urte erositako lur eremuetan bertako zuhaitzak landatuko dituztela jakitearekin "oso pozik" dago: "Pinua edo eukaliptoa beharrean, bertakoa landa dezagun; ideia eder baten oinarritutako proiektua da".
Jabetza aldatu ez arren, Kukubaso arduratuko da lurraren zaintzaz eta kudeaketaz
330 bat astigar eta haritz
Kukubasoko presidente Ainhoa Agirrebeñak esker ona hitzak ditu Agirretxeberri baserriko lur jabeendako, eta dio oso gogotsu daudela elkarteak berak sustatutako lehen landaketaren bezperan: "Azken sei hilabeteotako lanaren fruitua erakutsi ahal izango dugu. Elkartea sortzeak lan burokratiko handia ekarri digu, eta heldu da ordua ekintzara pasatzeko ordua; izan ere, ekintza zehatzak gauzatzen gozatuko dugu gehien. 330 bat zuhaitz landatuko ditugu, astigarrak eta haritzak; eremua nahiko erosoa denez eta herritik nahiko gertu dagoenez, familian egiteko ekintza moduan planteatu dugu. Elkarteko bazkideez gain [100 bat bazkide dira gaur egun], herritarrei dei egiten diegu umeekin etortzera, beste leku batzuetan ez da-eta aukera hori egongo". Izena emateko epea atzo itxi arren, posta elektronikoz harremanetan jartzeko aukera dago: kukubasoelkartea@gmail.com.
Gutxieneko kopurua bermatuta dute, eta eguraldiak lagundu egingo duela dirudi. "Urduritasun puntua badugu, lehen ekintza delako eta ez dakigulako dena ondo lotuta utzi dugun", gaineratu du Agirrebeñak. Elkartearen sei hilabete hauetako ibilbidearekin pozik dago elkarteko presidentea: "Asko ikasi dugu, baita akatsetatik ere; hori dauka bidea egin ahala ikasteak... Lan honetan guk baino ibilbide luzeagoa duten Soraluzeko eta Eibarko taldeekin harreman etengabean gaude. Lehen lagapen hau lortu dugu, beste bat erdi lotuta dugu, beste lursailen bat erosteko aukera baloratzen ari gara... Bestalde, Udalarekin ere harreman jarraitua dugu, guztion onerako proiektua denez eskutik joan behar dugula uste dugulako".
Ainhoa Agirrebeña: "Asko ikasi dugu, baita akatsetatik ere; hori dauka bidea egin ahala ikasteak... Gogotsu gaude zapatuko landaketarako"
Kontzientziazioa, "funtsezko"
Kukubasoren lana ez da, baina, landaketetara mugatzen. "Askotariko ekintzez gain, funtsezkoa da kontzientziazio lana. Aurten, gainera, Eskola Agenda 2030 barruan basoa aukeratu dute ikasleek gai moduan; gure asmoetako bat da inguru honetan [Agirretxeberri baserriko lurretan, biharko landaketa eremuan] mintegi txiki bat egokitzea", adierazi du elkarteko bazkide Joseba Zuzaetak.