Seminarixoan estreinatu zuten atzo iluntzean Oier Zuñigak zuzendu eta Belen Cruzek eta Eneko Gilek parte hartzen duten Eresia pieza artistikoa. Udalbiltzaren baitan sortutako Geuretik sortuak ekimenaren bultzadarekin sortutako lana da Eresia.
Dolua du ardatz lanak. "Orain dela bost urte ama hil zitzaigun. Hainbat praktika artistiko egin nituen gaia lantzeko eta erabaki nuen, ni aktorea izanda, praktika artistiko hori praktika kolektibo bilakatzea", azaldu du Oier Zuñiga aktore eta zuzendariak. Bada, Geuretik sortuak ekimenarekin etorri zitzaion aukera hori.
Hilabeteko egonaldia
Bergarako, Antzuolako eta Elgetako Udalen laguntzarekin egin du aurrera proiektuak. Hiru aktoreek hilabeteko egonaldia egin dute aipatutako hiru herrietan; eta, hain zuzen, herritarrekin izandako harremanak eman dien indarra nabarmendu du Zuñigak.
Ikusmina piztu duen lana
Estreinaldira Bergarako eta Elgetako udal ordezkariak joan ziren, eta baita hainbat herritar ere. Baina estreinaldiak oihartzuna izan du gainerako herrietan ere: Arrasateko, Urretxuko, Bilboko... ikusleak izan ziren atzo Seminarixoan. Gainera, baita aurpegi ezagunak ere: Ander Lipus, Ximun Fuchs, Dorleta Kortazar...
Hunkituta eta barruak mugituta
Ikusleak gustura irten ziren antzezlanetik. Guztiei eragiten dien gaia izanda, barruak mugituta eta hunkituta atera ziren. "Dolua tratatzeko modu duina eta zer pentsatua ematen duena", "doluaz hitz egitea lagungarriak da", "eskaintza esperimentala, eskertzen da egindako lana", "gogoetarako momentua", "eskerrak etorri garen"... zioten ikusleek Seminarixotik irten ondoren.
Bergarako kultura zinegotzi Kristina Markina ere pozik zegoen: "Gure kulturari, euskal kulturari merezi duen lekua egiteko balio dute horrelako ekimenek". Gainera, garrantzia eman zion herritarrekin eta herri eragileekin egindako aurre lanari.