Udalbiltzaren kultura-pilulak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko urt. 15a, 10:55
Seminarixoan bihar estreinatuko duten 'Eresia' pieza artistikoaren egile Belen Cruz, Eneko Gil eta Oier Zuñiga. Argazkia: Oier Zuñiga.

Oier Zuñigaren Eresia antzezlana, Bonbon beltzen Harri minak, Tanttakaren Sexberdinak, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide eta Leire Egañaren Erlojupekoa film laburra, Udalbiltzaren Geuretik sortuak ekimeneko fruituen artean.

Euskal kultura lehen lerroan jartzeko helburuarekin abiatu zuen, orain dela urtebete, Udalbiltzak –Euskal Herri osoko hainbat udalerrik osatzen duten partzuergoa– Geuretik sortuak ekimena. 26 artista aukeratu zituzten Euskal Herriko beste horrenbeste herritan edo eskualdetan –proiektu batzuk hainbat herrien arteko elkarlanak izan dira– sormen-egonaldiak egiteko.

Askotariko diziplinetako lanak sortu dira ekimenaren babesean, eta baita Debagoienean ere. Antzuolako, Elgetako eta Bergarako udalek eta herritarrek bat egin dute eta Oier Zuñiga iruindarraren Eresia ikuskizuna sortzen lagundu, eta Zuberoako Bonbon beltz konpainiaren Harri minak lanean murgildu dira Oñatiko Udala eta herritarrak. Proiektu horiez gain, badira Debagoienarekin lotura duten gehiago: Mireia Gabilondo bergararrak Kepa Errastik eta Telmo Iruretak idatzi duten Sexberdinak antzezlana zuzendu du Arrigorriagan; Metrokoadroka Sormen laborategiarekin ekoizpen lanetan jardun du Josu Zubia oñatiarrak Bidaide ikuskizunean Atarrabian, eta Donostian bizi den Leire Egaña oñatiarrak Erlojupekoa film laburra egin du Galdakaon.

'Eresia' Seminarixoan gaur

Bergarako Seminarixoan eskainiko dute gaur, zapatua, 20:00etan; otsailaren 5ean, Antzuolan; eta hurrengo egunean, Elgetan. Oier Zuñigak zuzendu du eta Eneko Gil dantzaria eta Belen Cruz aktorea ditu taularen gainean lagun. "Elkarrekin lan egin bakoak ginen, baina ederto moldatu gara. Nirekin oreka bat bilatu nahian jo nuen eurengana, intuizio nahiko inpultsiboa izan zen; izan ere, argi ikusten nuen piezak hitzetik asko duela, baina baduela, era berean, kantutik, gorputzetik eta dantzatik ere, eta horregatik proposatu nien elkarrekin sortzea, bakoitzak bere ekarpena egin ahal ziolako", dio Oier Zuñigak.

Dolua du oinarri ikuskizunak. Amaren heriotzaren ondorioz sortutakoa dela azaldu du Zuñigak: "Orain dela lau urte abiatu nintzen arrangura horrekin, eta, harrezkero, hainbat praktika artistiko garatu ditut doluaren inguruan, gai hori kolektibizatzeko eta nolabaiteko dolu errito kolektibo, komunitario edo publikoa egiteko beharra ikusten nuelako. Gero, egiazki, pieza bera omenaldi bat da, oro har, ama guztiei, eta hildako senide guztiei ere bai, ez bakarrik nire gertukoei. Ikusleak kontatzen ditugunekin identifikatutako direla uste dugu".

Antzokietan eskaintzeko "pieza eszenikoa" dela dio Zuñigak: "Hala definitzea gustatzen zait niri; izan ere, antzerkitik oso gertu dago, performancetik ere badu, gertakizun bat delako. Ez dugu publiko batengan zehazki pentsatu; egia da ez dela haur-antzerki bat, baina ez nuke esango haurrak ikuskizun honetatik kanpo geratzen direnik, heriotza presente dagoelako guztiongan; hortaz, publiko zabalarentzako egindako 65 minutuko pieza da".

Hiru herritan elkarlanean

Egonaldietan oinarritutako sorkuntza prozesua izatea proposatu zuten Udalbiltzakoek. "Proiektuarekin lehenagotik hasi ginen, baina egonaldiak irailean abiatu genituen, Elgetan, azaroan Antzuolan izan ginen eta urtarrilean egin dugu azkenekoa Elgetan. Oso eskuzabalak izan dira gurekin bat egin duten udal ordezkariak zein herritarrak, eta agerian geratu da, nire ustez, doluaren gaia jendartean tratatu beharra dagoela. Elgetan eta Antzuolan doluari buruzko bizipenak jasotzeko bilkurak egin ditugu herritarrekin, eta Bergaran, DAP plataformarekin elkarlanean, antzerki tailer bat egin genuen, antzerkitik gaia nola landu dugun partekatzeko".

Hiru herrirekin koordinatzea ez dela lan erraza dio ekimeneko komunikazio arduradun Lide Hernandok, jasotako harrera txalotuta. "Bergarako, Antzuolako eta Elgetako teknikarien eta zinegotzien engaiamenduari esker askoz errazago bilakatu da. Oso garrantzitsua zen guretzat udalerriek proiektuan sinestea eta konprometitzea, eta hori zinez ikusi dugu hiru herrietan". Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak eta Elgetako Kultura eta Euskara zinegotzi Ane Bilbao Larrañagak jardun dute "anfitrioi" lanetan, eta, oraindik Eresia ikusteko aukerarik izan ez duten arren, "pozik" daude. Honela dio Kortabarriak: "Lan erraza izan da: harrera egin, lantokia erakutsi, jatorduak egiteko tokien berri eman, lo-lekura eraman eta herritar batzuekin harremanetan jartzea. Euskara, nazio-ikuspegiko proiektua, kulturgintzan eragitea, sorkuntzan laguntzea, elkarlanean... gure izaerarekin bat datozen ezaugarriak dira. Hori guztia kontuan izanik, eta Udalbiltzako kide moduan, Antzuola ezin zen horrelako proiektu batetik kanpo geratu". Eta honako hau dio Bilbaok: "Horiek izan dira nire eginbeharrak ere, baina aparteko ardurarik ez dut izan. Proiektuaren berri izan aurretik, sorkuntza arloan zein aukera genituen aztertzen genbiltzan; hortaz, zalantzarik ez genuen izan bat egiteko. Kultura, euskara, sorkuntza, herria.... Denak elkartzen dituen proiektu eder bat da".

Oñatin, Bonbon beltz

Otsailaren 25ean estreinatuko dute Zuberoakoen Harri minak Oñatin. Anfitrioi lanean jardun duen Kultura zinegotzi Iñaki Olalderen esanetan, "taldekoekin egindako harremana oso kuriosoa" izaten ari da. "Elkarrizketa luzeak izan dituzte herritarrekin kontakizuna osatzeko, eta egonaldi bat egin dute zinema eta Santa Ana aretoan. Oñatiarrok biluztuko gaituzten sentsazioa daukat, ispilu bati begira egotea moduan izan daiteke, eta, sarri, horren beharra dugu".

Bonbon beltz konpainia Oñatin ari da 'Harri minak' lana sortzen. Argazkia: Udalbiltza.

Tanttakakoak ere "pozik"

Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen haren lagun gozoki saltzailearen arteko istorioa dakar Tanttakak umorezko Sexberdinak lanean; Arrigorriagan estreinatuko dute, urtarrilaren 21ean. "Gure eskura jarri dute eskatutako guztia. Emanaldietarako toki berriak bilatu ditugu; ahal dela, behintzat, antzokietatik kanpo eskaini nahi dugu. Izan ere, eszenografia berezia da, aulki gurpildunetan egongo da publikoa eserita", dio Mireia Gabilondo aktore eta zuzendariak.

Ekoizle paperean "gustura"

Atzo estreinatu zuten, Atarrabian, Josu Zubia kide den Bidaide antzezlana. "Kulturgile anonimoak da gaia eta Maite Aizpurua, Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Iraia Elias eta Idoia Hernandez Hatxe daude taularen gainean. Asko ari naiz ikasten".

Metrokoadroka Sormen laborategiaren 'Bidaide' lana. Argazkia: Udalbiltza.

Bost laburrekin, film luzea laster

Antzezlanez gain, zinema ekoizpenak ere sustatu ditu Udalbiltzaren ekimenak, eta udaberrian film luze bat aurkeztuko dutela esan du ekimeneko komunikazio arduradun Lide Hernandok: "Bost film laburrak jaso ditugu, eta orain, guztiak batuta, Bost teilatu film kolektiboa lantzen ari dira Adabaki ekoiztetxekoak".

'Erlojupekoa' film laburra grabatzen Galdakaon.

'Erlojupekoa' film laburra

Donostian bizi den Leire Egaña oñatiarrak zuzendu duen Erlojupekoa da film horietako bat; Bira Produkzioak-ekin elkarlanean egin du. "Enkargu bat entregatu behar duen rider baten pausoak jarraitzen dituen komedia surrealista egin dugu. Astronauta-uniformea jantzita, jaietan dagoen herrian, rider-a galdu egingo da, eta, bideo-joko batean egongo balitz bezala, protagonistak bidean aurkitzen dituen oztopoak saihestu beharko ditu, denbora eta energia bukatu baino lehen. Prekarietatea kritikatzen du maitasun eta esfortzu handiz egindako film labur bitxia egin dugu, eta publikoarekin partekatzeko irrikaz gaude", kontatu du Egañak.

Egonaldia Galdakaon

"Oso herri atseginarekin egin dugu topo", dio Egañak, Galdakaon egin duten hiru asteko egonaldi-artistikoari buruz galdetuta. "Herritarrak proiektuan sartzera bultzatzeko, hiru ekimen nagusi egin ditugu: herriko istorioak eta herritarrak ezagutzeko asmoz gidoi-laborategi bat egin genuen, hasteko, eta bertatik irten ziren ideia batzuk filmean sartu ditugu; aktoreak, figuranteak eta ekoizpen laguntzaileak aukeratzeko casting-a egin genuen gero, eta 70 pertsona inguru hurbildu ziren. Eta hirugarren ekimena filma errodatzea izan zen; bost egunetan egin genuen Galdakaoko hainbat gunetan. Oso eskertua nago prozesuan parte hartu duten guztiekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak