2022rako udal aurrekontuei dagokienez, hirugarren urtez akordio politikoa lortu izanari balio handia ematen dio Gorka Artola alkateak: "Borondatea eta gogoa daudenean adostasunera heltzea posible da. Adostasun totala ez da existitzen baina baditugu partekatzen ditugun ardurak eta proiektuak; konpromiso horiek akordio baten islatzea beti da ona herriarendako".
EH Bilduk gizarte zerbitzuetan eta sustapen ekonomikoan handitu ditu bereziki partidak
EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategiren arabera, bergararren ongizatea bermatzeko helburuarekin sustapen ekonomikoari eta gizarte zerbitzuei bideratutako diru-poltsak handitu egin dira. Helburua izan da egoera zaurgarrian daudenek "zerbitzu duinak" izan ditzatela, "inor bazterrean gera ez dadin". Horretarako Gizarte Zerbitzuetara 2.583.000 euro bideratu dira eta sustapen ekonomikorako kopurua %15 handitu da 2021ekoarekiko. 2022rako proiektu nagusiak zeintzuk izango diren ere argitu du Iñurrategik: "Diru partida handiena eroango duena Zubieta-Masterreka berriro urbanizatzeko proiektua izango da eta Agorrosin [futbol zelaia] berritzeko proiektura ere inbertsio handia bideratuko dugu".
Zubieta eta Masterreka berriro urbanizatzeko 2021eko partidari gehituko zaio milioi bat euro inguru eta Agorrosin Berrirako 600.000 euro aurreikusi dituzte 2022rako. Bi proiektu horiek asko baldintzatuko dute inbertsio gaitasuna, baina ur txorrotak egiteko 300.000 euro aurreikusi dira eta jaietarako 373.670 eurotako partida berreskuratu dute, besteak beste.
EAJ: "Orain arteko konpromisorik ez dute bete"
EAJ abstenitu egin zen euren proposamenetako batzuk onartu egin direlako baina Udal Gobernuari aldez aurretik hartutako konpromisoak exekutatu ez izana egotzi zion eta eurendako lehentasunezkoak diren bi proiektu nabarmendu zituzten. "Aurreko urteetan baiezkoa eman izan digute baina ez da konpromisorik gauzatu. Zerrenda ikusiz gero, ez da ezer gauzatu; horregatik, oraingoan, idatziz eskatu dugu konpromisoa. [...]. Beharrak askotarikoak dira baina bai azpimarratuko nahiko nukeela Boluko lur-jausirako bideratu den partida. Buru-belarri aritu gara horretan eta guri esker fase guztiak gauzatuko dira; izan ere, Udal Gobernuak aldez aurretik proposatzen zuen partida oso murritza zen", adierazi du Irune Galarragak.
Hain zuzen ere, Boluko lur-jausiari begira malda egonkortzeko proiektuaren exekuzioa "beharrezko" dela "argi" izanda, Udal Gobernuak beharrezkoak diren akordioak bideratu eta proiektuak jasotako bigarren fasea exekutatzeko konpromisoa hartu du. Horretarako beharrezko finantzaketa bermatzeko 200.000 euroko diru-izendapen gehigarria jasotzen da 2022ko aurrekontuetan.
PSE-EE: "Partidak badituzue, ordua da martxan jartzeko"
Alderdi sozialistak ere 2019an eta 2020an lortutako akordioak exekutatzeke daudela gogorarazi zion Udal Gobernuari. "Aurten arrazoi oso sinple bategatik ez dugu nahi izan Udal Gobernuarekin negoziazioetan sartu: ikusten dugu aurreko bi urteetan lortu ditugun akordioak oraindik ere exekutatu gabe jarraitzen dutela. Horregatik, abstentzioa modu bat izan da gobernuari esateko partidak badituela eta beraz ordua dela martxan jartzeko", dio Alberto Alonsok.
Larramendi: elkarretaratzea, eta mozioa aurrera
Aurrekontuez gain, atzoko osoko bilkuran protagonismoa hartu zuen Larramendiko plantaren proiektuak, auzotarrek mozio bat aurkeztu zuten-eta. Moldaketa txiki bat egin ostean aurrera egin zuen mozioak, EH Bilduren aldeko botoarekin, EAJren kontrakoarekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin. Mozioa udalbatzaren aurrean defendatu aurretik, auzotarrek deituta elkarretaratzea egin zuten San Martin plazan; Errauskailua. Ez hemen, ez inon eta Osasuna interes ekonomiko eta politikoen gainetik lelopean hainbat herritar elkartu ziren proiektuaren aurka daudela ozen aldarrikatzeko.
Idazkariak udalbatzaren mozioa irakurri ostean talde politiko bakoitzak bere botoa azaldu zuen. EH Bilduk auzotarrek egindako hiru eskaeretako baten lege aldetik moldaketa bat egitea onartu ostean aldeko botoa eman zuen, EAJk kontra bozkatu zuen eta alderdi sozialista abstenitu egin zen.
EH Bilduk adierazi zuen, besteak beste, legeak baimentzen dien heinean bergararren osasuna eta ongizatea defendatzea izango dela lehentasuna eta proiektuak aurrera egingo duen edo ez jakin barik ere, "lanpostu galera esanguratsua" eragin duela Bergaran.
EAJk kontra bozkatu zuen, eta Irune Galarraga bozeramaileak udalbatzaren aurrean esan zuenez, ulertu arren "berritzailea" den proiektu honek kezka sortu izana, gaur egungo arautegiek osasuna eta ingurumena zorrotz zaintzea bermatzen dute eta hala eskatuko diote Jaurlaritzari. Horrez gain, Galarragak esan zuen Valogreene enpresari lehen baimena eman ziona EH Bilduren Udal Gobernua izan zela.
Alderdi sozialista abstenitu egin zen mozioak testuinguru zabalagoa behar zuela uste duelako baina argi dute legeak ezartzen dituen ingurumen eta osasun berme guztiak zorrotz bete behar direla.
Politikarien azalpenekin ez ziren erabat gogobeteta geratu auzotarrak, eta mozioak aurrera egin arren "kezka handiz" jarraitzen dute proiektua. "Bozketan ikusi dugunez, badirudi EAJri eta PSE-EEri ez diela bergararron osasuna larregi axola. EH Bildu posizionatu da baina busti ez da inor bustitzen, eta horrek tristura ematen du. Oso kezkatuta gaude; Tapiaren legea sortu eta dagoeneko aldatzekotan ari dira enpresa pribatuen alde egiteko ere. Gu gero eta kezkatuago gaude, baina ez dugu etsiko", adierazi zuen bilkuraren amaieran San Juango bizilagun Paul Aznalek.