Lau urterako Turismo Plan Estrategikoa aurkeztu dute Bergaran, bost ardatzetan oinarrituta

Imanol Beloki Unamuno 2021ko abe. 15a, 16:52

Iaz, Bergarako Udalak, turismo plan berria behar zela ikusi zuen, eta horrela egitea jaso zen Bergara izan, bizi, ekin agintaldirako planean. Hori horrela, gaur aurkeztu dute emaitza Ainhoa Lete eta Ekaitz Aranberri zinegotziek Bergarako osoko bilkuren aretoan.

Kulturaren eta ondarearen gizarteratzean hobekuntza asko egin direla adierazi arren, turismoan beharrak ikusi direla adierazi dute Ainhoa Lete eta Ekaitz Aranberri udal ordezkariek, gaurko aurkezpenean.

"2022-2025 urteetarako Turismo Plan Estrategikoa egitea erabaki zen. Gasteizko Beinke enpresak bideratu duen prozesuaren emaitza da hau. Gaur egun eskaintzen den turismo eskaintza hobetzea izan da helburua, sistematizatzea, eta horrela Bergarako askotariko ondarea ezagutaraztea, sektore enpresei bultzada ematearekin batera",adierazi du Ainhoa Letek. Emaitza, honela laburbilduz, "arloko eragileekin harreman zuzenerako eta elkarlanerako bidea jartzen du, batetik. Bestetik, nabarmentzen du herriaz gaindiko administrazioekin
egin beharreko elkarlana. Turismorako formatu berriak txertatu beharra ere aipatzen du. Amaitzeko, agerian jarri du pertsonalean inbertitu behar dela, arloko langile kualifikatu batekin, hau guztia aurrera eraman ahal izateko, Bergaran ez baita inoiz turismo arloan langilerik egon", esan du.

Plana, bost ardatzetan banatuta

Egindako lanaren emaitza Plan estrategikoa eta operazionala idaztea izan da, prozesuaren hasieran egindako diagnostikotik abiatuta. Plan hau bost ardatzetan banatzen dela, gaineratu du, Ekaitz Aranberrik: "gobernantza, gune turistikoa, turismo eskaintzaren eta produktuen garapena eta hobekuntza, marketina eta kode etikoa. Ardatz bakoitzak hainbat ekintza proposatzen ditu plan estrategikoak eta hauek garrantziaren arabera mailakatu dira. Mailakatze hori, turismo enpresekin batera egin den prozesuan erabaki da".

Bost ardatzetan egituratuta dagoen eragiketa-planak 21 programa eta 67 ekintza biltzen dituela ere adierazi dute. "Horietatik batzuk eskualdetik edo goragoko erakundeetatik garatzekoak dira. Gobernantza, Plangintza, Antolakuntza eta Kudeaketari dagokionez, egungo errealitatera eta atzemandako premietara egokituta, plana kudeatzeko eredu bat eta funtsezko eragileek betebeharreko zeregina biltzen ditu, adierazi du Letek. Nabarmenduz, ardatz horrek herritarrentzako turismo-sentsibilizaziorako programa bat ere jasotzen duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak