Bergarako EH Bildu: "200 langile badoaz, eta kea da ekarri nahi dutena"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko abe. 15a, 15:48

Bergarako EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio Larramendiko proiektua babesteari laga diezaiola. "Bergararrok ez dugu nahi horrelako plantarik, ingurumenean eta osasunean kalteak eragiteko aukeraz gain, lanpostuak uxatuko dituenik. Gainera, hor dago Tapia legea, EAJk eta PSE-EEk onartu berri dutena eta edozein proiektu udalerrietan inposatzeko bidea zabaltzen duena. 200 langile badoaz, eta kea da ekarri nahi dutena", adierazi dute ohar bidez.

Bergarako EH Bilduk dio "berri txarra" dela 200 langileko enpresa bat Bergaratik joatea: "Larramendi poligonoa biziberritzeko aukera izan zitekeen kooperatiba hara mugitzea, eta hori egin asmo zuten, baina horren ordez, herriko ehun ekonomikoan galera izango dugu. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu laga diezaiola proiektu hori babesteari. Bergararrok ez dugu nahi horrelako plantarik, ingurumenean eta osasunean kalteak eragiteko aukeraz gain, lanpostuak uxatuko dituenik. Gainera, hor dago Tapia legea, EAJk eta PSE-EEk, onartu berri dutena eta edozein proiektu udalerrietan inposatzeko bidea zabaltzen duena. 200 langile badoaz, eta kea da ekarri nahi dutena".

Eskaera Bergarako EAJri

Horrez gain, Bergarako EAJri eskatu diote bergararren interesen alde egiteko: "Tristura eragiten digulako herritarrak ahaztu eta beste batzuen interesen defentsan ikusteak. Eta behingoz, malabarak egiteari utzi eta euren posizioa zein den azal dezatela. EH Bilduk argi eta garbi dio proiektu hori bertan behera geratu behar dela. Udal Gobernuak ere hala adierazi zuen, proiektuaren gainean aurkeztutako alegazioen bitartez. Zer dio Bergarako EAJk? Zer dio dagoeneko 200 lanpostu galdu ditugunean?".

Eta "hauteskundeetara begira" daudela ere leporatu diote Bergarako EAJri: "Gure herriarentzat hain garrantzitsua den gai batean, ez dira gai izan modu eraikitzailean jarduteko. Hauteskundeetara begira jarri dira, edozein aitzakia bilatzen saiatzen ari dira bozka batzuk arrantzatzeko, eta berdin zaie informazio okerra ematea, giroa nahastea, manipulatzea edo zuzenean gezurra esatea. Eta politikan ere denak ez du balio. Ez da garaia jendea despistatzen saiatzeko eta alderdikeriaz jokatzeko. Arduraz joka dezatela, eta ez daitezela tematu bide horretan".

Dikarren erabakia ulertzen dute

Dikar kooperatibako bazkideek hartutako erabakia "ulertzekoa" dela gaineratu du Bergarako EH Bilduk: "Valogreenek ezarri nahi duen plantak zalantzak sortu ditu ingurumen eta osasun aldetik. Herritarrengan sortutako kezkak erabaki personal eta kolektiboetan eragina izatea aurreikusteko modukoa zen. Auzotarren zein gainontzeko herritarren egonezinak oinarri sendoak ditu-eta Etorri aurretik, kalteak eragiten hasi da Valogreene. Eta aipatutako ingurumen eta osasun zalantzez gain, argi geratu da ekonomikoki ere nabarmen kolpatuko duela herria. Zein enpresa etorriko da Larramendira Valogreene eta berak dakartzan zalantza guztiak gurera badatoz?".

Amaitzeko, diote bergararren interesak defendatuko dituztela: "Udal Gobernuak auzi honetan ere egin duen moduan, ez ditugu gutxi batzuen interesak jarriko guztion ongizatearen gainetik. Hori da gure jarduteko modua. Eta Bergarako EAJ beste batzuen interesei men egiteari utzi eta bergararron alde egiten hasten bada, bidean elkartuko gara. Elkarlan barik nekez egingo diogulako aurre erronka honi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak