Abenduaren 9an egindako ezohiko batzarrean erabaki zuten Dikar kooperatibako bazkideek Larramendiko asmoa bertan behera uztea: "Bozketa hori Bergarako Larramendi industrialdean paper-industriako hondakinak tratatzeko planta bat kokatzeko aukerari buruzko ziurgabetasunak eragin du. Hondakinen plantak eragin duen ziurgabetasunarekin, bazkideek ez dute Larramendiko industrialdean inbertitzeko arriskurik hartu nahi izan, eta hurbiltasun-helburuak, gauzatze-epea eta erosketa-ahalmena betetzen zituen beste aukera bat atera zaigunean, bozketa egin da, eta bazkideok ezohiko batzarrean erabaki dugu", azaldu du kooperatibako gerente Esther Kortak.
Arrasatera lekualdatuko litzateke Dikar eta honela azaldu du erabakia Kortak: "Hondakinen plantaren kokapenaren segurtasun ezagatik eta Arrasateko aukerak hurbiltasun hori eta gauzatzeko denbora laburragoa ekartzen duenez, kooperatibako bazkideek, euren etorkizunaren erabakitzaile gisa, instalazioen aldaketa Arrasaten izango dela erabaki dute eta ez Bergaran".
Amaitzeko, Dikarreko bazkideek eskerrak eman nahi dizkiote Bergarari, "40 urteko lankidetza estuagatik".