Bergarako Udal Gobernuak ohar bidez jakinarazi du 200 langile dituen kooperatiba batek hartutako erabakia: Larramendiko poligonora joan ordez, Arrasatera joango da. "Egoitza nagusia Bergaran duen kooperatiba bat Larramendira joatekoa zen negozioa handitzeko, baina abenduaren 9an egindako batzarrean erabaki du, Larramendira joan ordez, Arrasatera joatea", azaldu du Udalak, enpresaren izena aipatu gabe.
Horrekin batera azpimarratu du hondakinen planta ezarri aurretik ere "kalteak jasaten" hasi dela herria, eta Jaurlaritzak Larramendiko poligonoa "kondenatu" duela: "Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper BC, SL-k ustez sortuko lituzkeen hamabost lanpostuak herriko kooperatibako 200 horien gainetik jarri ditu. Ez hori bakarrik, hondakinen planta bertan ezarriko balitz ez dago ziurtatzerik beste enpresa batzuk bertara joango direnik ere".
Gauzak horrela, Udal Gobernuak Jaurlaritzari eskatu dio "aintzat har dezala plantak enpleguan eragingo duen kaltea", eta "birpentsa dezala Valogreene Larramendin ezartzearen inguruan duen jarrera".