Proiektuaren bueltan izan diren nobedadeen artean dago atzo, abenduak 9, EAJren eta PSE-EEren botoekin eta oposizio guztiaren kontrako botoekin Eusko Legebiltzarrean onartu zen Ingurumen Administrazioaren Legea, "interes orokorreko ingurumen proiektu" izendatutakoei udalek uko egiterik izan ez dezaten. Auzotarrek "inposizio" moduan ikusten dute neurria: "Indartsuenaren legea dela dirudi, nahi dutena egingo dute. Inposizioa dela uste dugu".
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak irmoki defendatu zuen legea "modernoa" dela, eta "ingurumen erronkei egokituta" dagoela esanez. Tapiak uste du Jaurlaritzak proiektu bat onartzeko "interes publikokoa" eta "publikotik" sustatua izan beharko duela, eta zuzenketak sortutako "zarata interesatuak eta manipulatuak" baztertu zituen. PSE-EEk Legebiltzarrean esan zuen lege berria "aurrerapausoa" dela: "Ingurumen erronkei heltzeko tresnak ditu".
Auzotarren mozioak udaletan
Auzotarrek argi utzi dute ez dutela "joko politikoetan" sartu nahi: "Interes politikorik gabe egingo dugu lan, bailara guztiko pertsonen osasunaren alde egingo du lantalde honek. Hori argi utzi nahi dugu". Hurrengo ekintzak zehaztu dituzte eta, besteak beste, udaletan mozioak erregistratu dituzte dagoeneko. Abenduaren 14an, esaterako, Arrasateko udalbatzak landuko du gaia eta hilaren 20an Bergarako osoko bilkuran landuko da; aldez aurretik, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute San Martin plazan. Mozioetan eskaera nagusi bat dute, Eusko Jaurlaritzari ingurumen-baimen integrala ez emateko eskaera egitea: "Kaltetuak izango gara zuzenean Bergarako Basalgo, San Juan, San Blas eta Ubera auzoetako bizilagunek eta gure nekazal-abeltzaintza jarduerek, eta baita orokorrean bergararrek, baina zuen udalerrian ere eragina izan dezake".
EH Bilduren mozioa
Azaroaren 29ko osoko bilkuran EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen, Interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruzkoa; onartu egin zen, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatuta. EH Bilduk udal araudiei egindako eraso moduan ulertzen du lege berria: "Lurralde eta hirigintza plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat da. Toki-eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzen du, Udalari ez zaiolako aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko".