ALBISTEAK

Larramendiko planta, lehen aldiz hizketagai osoko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko aza. 30a, 15:50

Larramendiko plantaren proiektua izan atzo landu ziren askotariko gaien artean bat; alegazio epea amaitu zen egun berean, helegite horiek bidali izanaren berri eman zen udalbatzaren aurrean. Udal Gobernuko bozeramaile Nagore Iñurrategik orain arteko prozesuaren kontakizuna egin zuen eta esan zuen, besteak beste, Valogreene Paper BC enpresak hirigintza baimena jasotzeko prozesua zerotik hasi beharko lukeela. 

Iñurrategiren kontakizunaren aurrean oposizioak ez zuen hitza hartu. Bai, ordea, bilkuraren amaieran, herritar batek bereziki EAJri galdetu ziolako ze iritzi duten proiektuaz. Bergarako EAJk dio zalantza asko daudela proiektuaren inguruan eta oraingoz zain daudela. "Enpresa normal bat etorriko bazen bezalako prozesu bat zirudiena nahastu egin da bat-batean. Herrian ere zarata asko ari da irteten eta hain zuzen ere une horretan izan da baimena bertan behera geratu denean. Gu, oposiziotik, aztertzen ari gara eskura ditugun txostenak eta zain, aldi berean, ea zela argitzen den kontua; ea enpresak baimena berriro eskatuko balu bateragarritasun-baimena jasoko duen edo ez...", adierazi zuen EAJko bozeramaile Irune Galarragak.

Alderdi sozialistak ere antzeko jarrera hartuko duela esan zion GOIENAri, betiere Valogreene enpresari baimena emateko prozesua aspektu teknikotik bakarrik aztertu behar dela nabarmenduta: "Udalera heltzen diren espediente guztiak aztertu egin behar dira, orokorrean duten bideragarritasuna aztertu, ingurumen-bideragarritasuna bermatu… Hainbat azterketa egin behar dira. Sozialistok, gaia behar den moduan baloratzeko, espediente administrabo horren fase guztiak ezagutu beharrean gaude".

Mozioak eta adierazpen instituzionalak

Larramendiz gain, mozioak eta adierazpen instituzionalak izan ziren protagonista. Migrazioaren arazoaren eta umeek sufritzen duten sexu-abusuen gainean EAJk aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen, azken horretan EH Bilduren ekarpenak onartu ostean. Adierazpen instituzionalei dagokienez, indarkeria matxista eta Euskararen Eguna izan ziren protagonista. Aldiz, EH Bilduk Interes Publiko Goreneko proiektuen erregulazio berriaren bueltan Udalen autonomia babesteko helburuz aurkeztutako mozioak aurrera egin zuen, baina EAJk eta alderdi sozialistak kontra bozkatu zuten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak