Azaroaren 28an, Barrenkaleko Alkartetxe berrituaren inaugurazioan omenaldia jaso zuen Juan Mari Garitanok (Arrasate, 1942), alderdiaren eta Alkartetxe berrituaren alde egindako lanagatik. Arrasateko Uribarri auzoko Gomistio baserrian jaioa, 14 urte zituenetik bizi da Bergaran. Bi agintaldiz izan zen EAko zinegotzi Udalean, eta, eguneroko politika lagata badu ere, pozik dago alderdiak Bergaran duen lantaldeaz. Alkartetxe berrituan hartu du GOIENA, Iker Intza gazte militantea ondoan duela: "Halako gazteak behar ditugu; ez dira batere errazak topatzeko".
Zergatik erabaki zenuen Eusko Alkartasunean sartzea?
Carlos Garaikoetxearen ideiekin eta planteamenduekin bat egiten nuelako sartu nintzen; behin barruan nengoela ezagutu nuen Carlos pertsonalki, eta berehala ohartu nintzen gizon garbia zela, fidatzekoa. Kuadrillan politika kontuak oso presente egoten ziren eta batzuk hitzetik ekintzara pasatzea erabaki eta inplikatu egin ginen.
Eta alderdiarendako lokala non eta Barrenkalean ireki zenuten...
Itzela izan zen. Orduan, dendez, tabernez eta bestelako lokalez josita zegoen Barrenkalea... Zaila zen, baina lortu genuen. Lokala lortu ostean auzolanean egokitu genuen gure beharretara. Behin Alkartetxea martxan jarri genuenean hasi ginen Udalerako hautagaitzekin eta beste kontu guztiekin.
Pozik Alkartetxe berrituarekin?
Hunkitu ere egiten naiz sartzen naizenean. Denbora gutxian oso lan txukuna egin da hemen; urte luzez elkartzeko gunea dugu, eta hori inportantea da.
Zeintzuk izan ziren zure ibilbideko garai onenak?
Bereziki gogoan dut Udalean indarra hartzen hasi gineneko garaia. EAJra edo HBra joan ohi ziren eserlekuetako batzuk EAra zetozela ikustea ederra izan zen, herritarren babes hori ikustea. Udalean eragiteko gaitasuna lortu genuen; garai hartan Garaikoetxeak bazituen jarraitzaile dezente Bergaran.
Eta garairik zailenak?
EAJtik bereizteko prozesua oso lazgarria izan zen; niretzat konplikatuena izan zen ordura arte elkarrekin lanean aritu ginen jendeak beste bide bat hartu izana. Zatiketa ez nuen barrutik jarraitu, baina gogoan dut udal politikatik haragoko kontuez aritzeko bereziki garai zailak izan zirela.
Eguneroko jarraipenik ez egin arren, nola ikusten duzu alderdia egun?
Uste dut lantalde ona dugula eta EAren planteamenduak ondo ordezkatuta daudela oraindik ere. Ikuspegi orokorretik begiratuta, politikarako lehengoa baino giro hobea ikusten dut, alderdi barruan gauzak dezente nahastu badira ere azkenaldian. Herri mailan, bereziki, proiektua izan behar da garrantzitsuena, eta ez zein izan den proposatu edo abiatu duena. Ikuspegi ezberdinak bateratzen saiatzearen aldekoa naiz.
Egun, arazoak izaten dira zerrendak osatzeko... Asko aldatu da politika?
Ez dauka zerikusirik. Niri iritzia emango dizut: nire garaian, oro har, konpromiso handiagoa zegoen herriaren alde lan egiteko. Askotariko indarkeriak bizi izan ditu Euskal Herriak, oso garai latzak, baina garai hartan lanerako beste borondate bat zegoen.
Ze etorkizun ikusten diozu EAri?
Gaur egun, oinarriak baditugu, baina belaunaldi aldaketa bermatzea izango dugu erronka. Herri honek ardura izan badu, baina dena horren azkar doa aldatzen zaila dela aurreikustea.
Azaroaren 28an omenaldi txiki bat egin zizuten. Ederra, ala?
Erabateko sorpresa izan zen, bihotzez eskertzen diet alderdikideei nitaz akordatu izana.