Jeltzaleek prozesua nola bizi izan duten kontatu dute: "Alkateak sinatu zuen hirigintzako baimena, eta enpresa Bergaran, zehazki Larramendin, kokatzeko balioa eman zion, guk horren berri izan gabe. Erabaki hori hartzeko orduan ere ez zen inolako azterketarik agindu, gerora hartu zuten. Bergaran ezarri nahi denaren antzeko planta batera ere egin zen bisita, eta bertatik bertara ezagutu zen zer jarduera mota izango zuen plantak. Alkateak ez balu nahi izan industria-jarduera hori ,Valogreene gure udalerrira etortzea, enpresak ez zukeen inolako aukerarik izango, baina lizentzia lortu zuten. Orain, EH Bilduren gobernuak hainbat eragileren presioengatik eta sortu den zarata mediatikoaren ondorioz noraezean dabil, ez daki nola atera atakatik".
Jeltzaleek galdegin dute ea zer ondorio izango dituen baimena indargabetu izanak Bergarako Udalarentzat; alegia, emandako lizentzia bat baliogabetzeko dekretu bat sinatzeak, eta jakin nahi dute dute ea enpresak udal lizentzia baliogabetzeko erabakiari helegitea jarriko dion.
"Kudeaketa negargarria"
EAJk uste du Udal Gobernuak "kudeaketa negargarria" egin duela: "EH Bilduren kudeaketa negargarri horren aurrean, idatziz eskatu diogu alkateari informazio guztia, dauden eta prozesu osoan ezagutu ez ditugun txostenak, eta batez ere gardentasuna, era guztietako informazioak ezkutatu baitira. Bestalde, EH Bilduren udal gobernuari exijitu nahi diogu ez dezala beste alde batera begiratu, ez dezala inor edo beste erakunderik egoeraren errudun egin. Alkateari ausardia eskatzen diogu autokritika egiteko eta erantzule bakarra bera dela onartzeko. Ekintzen ondorio juridikoen berri uneoro izatea ere eskatzen diogu".