Bergarako EH Bilduk prentsa ohar bidez adierazi duenez, EAJ "azpijokoan eta gezurretan" ari da: "Prozedura tekniko-administratibo bati, hirigintza bateragarritasun ziurtagiriari, alegia, intentzionalitate politikoa eman nahian ari da, hori ez dela egia (ezta legala ere) jakinda. Valogreene Bergarara ekartzeko proiektuari bultzada politikoa EAJk agintzen duen Eusko Jaurlaritzak eman dio, Arantza Tapiak argi eta garbi azaro hasieran esan zuen moduan. Euren aurreikuspenetan zegoela eta babes osoa zuela adierazi zuen".
Horren aurrean, osoko bilkuran adierazpenik egin ez izana eta gezurretan aritzea egotzi dio EH Bilduk Bergarako EAJri: "Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzari bidalitako alegazioetan, ingurumen eta hirigintza bermerik ez dagoela jartzen da mahai gainean. Ekarpenik egin gabe eta alegazio guztiz teknikoak badira ere, EAJk horien aurka bozkatu zuen zegokion batzordean. Zergatik? Bergararron ongizatearen kontra izanda ere, Eusko Jaurlaritzako euren lagunei ez molestatzeko? Bestalde, azaroaren 29ko osoko bilkuran, gaiaz galdetuta, Bergarako EAJko bozeramaileak esan zuen proiektuaren inguruko balorazioa egitea Eusko Jaurlaritzari dagokiola. Eta horretan ados gaude EH Bilduko kideok ere; ingurumen eskumenak harenak dira eta hark tramitzatzen du ingurumen baimen bateratua. Orain, ordea, ohar baten bitartez, Udal Gobernuari botatzen diote ardura. Eusko Jaurlaritzatik deia jasoko zuten? Edo gezurrak jendaurrean esaten ez ziren ausartu? Jendea ez da inozoa, eta hala balitz moduan ez tratatzeko eskatzen diogu EAJri".
"Informazio osoa izan dute"
Horrez gain, Valogreeneren afera honetan, EAJk informazio osoa izan duela dio EH Bilduk: "Eusko Jaurlaritzarekin lotura zuzena baliatuz, Udalak berak baino lehenago ere jaso izan dute informazioa; alegazio epea luzatzearen albistea, esaterako. Informazio ona izan ahala partekatu egin du Udal Gobernuak herritar eta gainerako eragileekin, EAJrekin barne. Bilerez gain, Elxeko planta pilotura egindako bisitara gonbidatu ziren ordezkari politikoak. EAJko ordezkari bat, korporazioko kide dena, bertan egon zen, teknikari eta auzo ordezkariei zabaldu zitzaien gonbidapenari erantzunez. Gainera, oposizioko taldeetako bozeramaileei zorrotz eman zaie prozesuan sortzen ziren berrien eta Udala ematen ari zen pausoen berri, alkateak zuzenean kasu askotan".
Amaitzeko, Bergarako EH Bilduk "argi" adierazi nahi izan du ez duela Valogreeneren plantarik nahi "Ez dira betetzen hirigintza eta ingurumen baldintzak, aipatutako alegazioetan azaltzen den bezala. Eta zuzenean galdetzen diogu Bergarako EAJri: Eusko Jaurlaritzako zuen lagunekin batera proiektua babesten duzue? Bergararrok merezi dugu zuen postura zein den jakitea".