HEMEN DEBAGOIENA

'Memoria eraikiz': ikuslea, indarkeria matxista jasan duenaren paperean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko aza. 19a, 17:17

Memoria Eraikiz emakume biktimen eta biziraun dutenen ahotsa eta testigantzak biltzen dituen memoria kolektiboaren eraikuntza indarkeria matxisten aurkako estrategia gisa lantzeko apustua da. Horretarako, zazpi testigantza batzen dituen ikuskizuna prestatu dute, eta Bergarako seminarioko karpan emanaldia izan da arratsaldean. Ikusleei emozioak sortzeaz batera, indarkeria matxistaren aurka, kontzientziak pizteko saio berezia izan da eskaini dutena.

Bergarako seminarioko karpan lau emanaldi izango dira, guztira. Goizean, ikasleak izan dira, eta arratsaldeko lehenengo saioan udal ordezkariak egon ostean, bihar, zapatua, hiru emanaldi izango dira 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan.

Ikuskizunaren aurrekariak

Memoria eraikiz ikuskizunaren aurretik, Mugarik Gabe erakundeak Asfalto arteko loreak ikerketa burutu zuten, zeinetan munduko hainbat lekutatik indarkeria matxista anitzen biktima eta biziraun duten 28 emakumek beren testigantzak eman zituzten. Hortik abiatuta, indarkeria matxista sufritu duten zazpi testigantzekin osatutako ikuskizuna prestatu da gizarteko kontzientziak pizteko.

Mugarik Gabe erakundeko Joana Etxano kideak adierazi duenez, "Proposamen artistiko bat da ikuskizunean eskaintzen duguna. Zazpi emakumeren testigantzak entzuteko, sinesgarritasuna emateko, eta baita eurek bizi izan zutena, era indibidual batean ikusleak ere sentiarazteko. Indarkeria matxista diziplina askotarikoak batzen dira".

Bizipen bat sortzeko asmoz

Nerea Lorentek, Hortzmuga teatroko kideak azaldu duenez, formatu artistikoaren helburua da bizipen bat sortzea: "Memoria eraikiz proiektua Mugarik Gabe erakundeak sortutako Asfalto arteko loreak proiektuan oinarrituta dago. Eskatu ziguten proiektu hori borobiltzeko eta hausnarketa lana osatzeko, formatu artistiko bat gauzatzea. Formatu artistiko honekin gure helburua da bizipenak sortzea, artea tresna bat izanda sentsibilizazio lan horretan".

'Memoria eraikiz' ikuskizuneko karpa, Seminarioko patioan.

Sentsazioekin landutako ikuskizuna

Audio bidez, argien laguntzaz, dantzari bat protagonista, eta egoera kontestualizatzen duen eszenografia bereziarekin, hausnarketa pertsonal bat sortzen du ikuskizunak. Sentsazioekin landutako lana da, eta ikusteaz, entzuteaz, eta bizitzeaz batera, hausnarketa propio bat sorrarazten du.

Arratsaldeko saioan ikus-entzuleek beraien sentsazioak partekatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak