Behin alegazio epea irekita, eguazteneko bilera ireki horretan Bergarako Udal Gobernuak jarraitu beharreko prozeduraren gaineko argibideak emango ditu.
Alegazio ereduan, sei eskaera
Bestalde, herritarren artean zabaltzen ari den alegazio eredua Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendari Javier Agirreri dago zuzenduta eta honako hauek dira sei eskaerak:
Lehenengoa.- Jarduera nagusia errausketa bidezko hondakinen tratamendu termikoa eta deuseztapena da, eta ez industriarako karga ez-organikoa (kaltzio karbonatoa) fabrikatzeko azpiproduktuen tratamendua. Sustatzaileek ekologiko gisa mozorrotu nahi dute ingurumenerako eta giza osasunerako kaltegarria den jarduera hori.
Bigarrena.- Aplikatu beharreko teknika erabilgarri onenek ez dute zerikusirik karearen fabrikazioarekin (kaltzio oxidoa), hondakinen errausketarekin baizik. Pirolisia hondakinen errausketaren aldaera bat da. Halaxe aitortzen du 2010/75/EB zuzentarauak, industriako emisioei buruzkoak.
Hirugarrena.- Benetan sustatzen denaren frogetako bat, instalazio horrek 16 metroko garaierako tximinia bat behar duela da, orduko 60.000 metro kubikoko ke-emaria atmosferara isurtzeko (100m x 60 m-ko futbol-zelai bat eta 10 m- ko garaiera). Kutsagarri arriskutsuak zabalduko ditu; besteak beste: metal astunak (merkurioa, 1 kg baino gehiago orduko, kadmioa), substantzia kartzinogenoak (dioxinak eta furanoak eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoak), karbono dioxidoa bezalako berotegi-efektuko gasak, gas azidoak (352 g orduko eta fluorhidrikoa, 59 gramo orduko), konposatu organiko lurrunkorrak (587 g orduko), material partikulatua (300 g orduko) eta nitrogeno oxidoak (7 kg orduko). Horiek airearen kalitatea degradatuko dute ehunka km2 inguruko ingurunean. Udaletxeko plaza 1,3 km baino gutxiagora dago.
Laugarrena.- Instalazioak urtean 100 milioi litro ur zikin baino gehiago isuriko ditu Deba ibaira lixibatutik eratorritako kutsagarriekin. Baita paper-fabriketako 110.000 tona lohien kondentsazioa eta errekuntza-gasen arazketa- tratamendutik datozen kutsatzaileak ere.
Bosgarrena.- Jarduketa hori ez da bateragarria Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (2009) zehaztapenekin, hondakinak tratatzeko eta/edo ezabatzeko jarduera ez baita agertzen 15. artikuluan (lurzoruaren erabileren araubidea, J-1 atala) jasotako industria-jardueren artean. Era berean, Larramendi Industrialdearen 2007ko Plan Partzialaren Hirigintza Arauak ez lituzke beteko, baimendutako gehieneko altuera (12 metro) gainditzen duten nabeak proiektatzen baitira. Jarduketa hori ere ez dago jasota 2019an Debagoieneko Eremu Funtzionalerako onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Dokumentuan.
Seigarrena.- Ingurumen-inpaktuaren azterketak ez du ebaluatzen hondakinak tratatu eta erraustean atmosferara injektatuko diren berotegi-efektuko gasen emisio handia, larrialdi klimatikoko egoera batean. 110.000 tona lohi eta 45.320 tona hondakin-paper, errausteak eta Euskadi osoko 7 paper-ore fabriketatik, 155.000 tona hondakin, kamioi bidez garraiatzeak (50 kamioi baino gehiago sartuko lirateke instalazio horietan egunean) urtean milaka tona gas isuriko lituzke, eta horrek eragin handia izango luke kliman.