Musikaleko eszena zuzendaria den Valen Moñuxek azaldu duenez, 4o pertsona inguru arituko dira, eta hortaz, "ez da orain arte ohituta egon garen musikalak bezain handia izango": "Zazpi musikari, bost protagonista eta figuranteak izango dira taula gainean; eskalan ez da musikal erraldoi baten tamainakoa". Orain arte herrian egin diren musikalak frontoian izan direla azaldu du Moñuxek, eta oraingoan aldiz Seminarixoan egingo dute.
Otsailean estreinatuko duten obrak beste zailtasun bat ere baduela azaldu du Moñuxek: "Aitzindariak gara musikalak euskaraz egiten, hori da gure berezitasuna eta errazagoa da guretzat horrela egitea. Kasu honetan, kanpotik etorritako enkargua da, eta obra originala gazteleraz eginda dago, eta elkarrizketa eta abesti hainbat gazteleraz egongo diren arren, Afrikako hizkuntzetan elkarrizketa eta kantuak ere izango dira".
2016. urtetik musikalean lanean
Libretoaz arduratu diren Elena Ibarbia eta Donato Goyenechek –musikaz ere arduratu da– azaldu dutenez "ohore handia" da Bergaran estreinatzea lana: "Pandemiak eraginda hainbeste itxaron ostean, ezin dugu sinistu azkenean musikala egiteko aukera izango dugunik. 2016tik gabiltza honekin lanean, eta ostean ere Valenekin batera, asko landu dugu nola eszenaratu".
Obrak afrikar lo-kanta bat du oinarri, eta kanta zentral horretatik abiatuta, "iragan bat eta etorkizuneko egoerak" sortu dituztela azaldu du libretoaz arduratu den Elena Ibarbiak. Bergarako Udaleko Kultura zinegotzia den Kristina Markinak ere azaldu du "herrian eta herritik sortutako halako ekimen potoloa" Bergaran aurkeztea "ohorea" dela: "Denbora dezente pasatu da udalera proposamena iritsi zenetik eta hasieratik argi izan genuen proiektua babestuko genuela".
Ndank Ndank elkartearen "laguntza berezia"
Elkarteko Eli Dominguezek azaldu duenez, laguntza eskatu eta berehala egon ziren prest herriko eragileekin elkarlanean aritzeko, kasu honetan jantzien ardura hartuta: "Beti da plazer bat herriko eragileekin halako proiektuak partekatu ahal izatea. Duela pare bat urte etorri zitzaigun Valen Moñux laguntza eske, eta orduan Senegalera egin genuen bidaia bat aprobetxatu genuen oihalez eta jantziz hornitzeko".