Pandemia sasoian –herritarren kezka eta beharretatik abiatuta– sortu zen eraldaketarako ekimen bati forma ematen hasteko ideia. "Erantzun kolektiboa" behar zuten gabeziak sumatu zituzten herrian, eta hala, "tokiko ekosistema eraldatzailea" helburu duen proiektua sortu dute: Ehundu. Debagoiena 2030, Olatukoop, Mondragon Unibertsitatea eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Bergarako Udala eta Foru Aldundia dira sustatzaileak.
Ehundu proiektuak bi helduleku izango ditu: bulego fisikoa –hemendik hilabete batzuetara irekiko dena– eta herri dinamika bat. Azaroaren 20an egingo da dinamikaren lehenengo saioa, baina bitartean, norbanako eta eragileekin ere lanean jarraituko dutela azaldu zuten.
Hariak –norbanakoei erreferentzia eginda– ahulak izan daitezkeela zioten ekimenaren sustatzaileek ekitaldian, baina hari guztiak batuz gero, sare indartsuak osatu daitezkeela azpimarratu zuten. Metaforak arrakasta izan zuen bertaratutakoen artean, eta Gorka Artola alkatea ere ideia horrekin geratu zen ekitaldiaren ostean: "Oso ondo islatzen da lortu nahi dena. Marko kolaboratibo berria sortzea bilatzen dugu, eragile, norbanako, herri izaerako dinamika eta erakundeen artean".