2022rako ordenantza fiskaletarako, %3,3ko igoera orokorra Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 26a, 16:47

Estatu espainiarrean abuztuan izan zen Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) %3,3ko igoera orokorra aplikatuko zaie zergei eta tasei 2022an modu orokorrean. Igoera hori aplikatzea onartu zen atzo Bergaran, pandemia hasi zenetik modu presentzialean egin zen lehenengo osoko bilkuran. 

EH Bilduren Udal Gobernuaren arabera, "kalitatezko zerbitzu publikoak" mantentzeko ezinbestekoa da igoera aplikatzea. "Orokorrean abuztuko KPIren eguneraketa bat egin dugu ordenantza fiskaletan. Momentu honetan kalitatezko udal zerbitzuak eskaintzea lehentasuna da. Proposatzen dugun eguneraketa honekin, gainera, datozen urteetarako progresibitatea ere bermatzen dugu; urte baten KPI zeroan hustea datorren urtea ezin berreskuratzea suposatuko luke", adierazi zuen EH Bilduren bozeramaile Nagore Iñurrategik.

Udal Gobernuaren proposamenari ezezko botoa eman zion EAJk. Diote pandemiak eragindako egoera ez dela zergak eta tasak igotzeko modukoa eta zero igoera proposatu zuten. "Daroagun urte eta erdi berezi honekin, ez da unea zergak igotzeko eta argi genuen %3,3ko igoera onartezina dela. Egoera medio herria geldi egon da, inbertsioak oso mugatuta, eta gainera foru funtsetik espero baino milioi bat eta ia ehun mila euro gehiago jasoko da; argi genuen igoera zero izan behar zela", deritzo EAJren bozeramaile Irune Galarragak.

Eztabaida lanketaren inguruan

EH Bilduk eta EAJk eztabaida izan zuten ordenantzon lanketaren bueltan. Jeltzaleek “denbora eta benetako borondate falta” leporatu zien EH Bilduri. Udal Gobernuak, hasieran proposatutako kronograma baino denbora gutxiago izan dela onartu arren, adierazi zuen lanketarako hilabete oso bat izan dela eta EAJk ez duela erakutsi iazko lankidetzarako borondaterik. 

PSE-EEren abstentzioa

Alderdi sozialista, berriz, abstenitu egin zen. "Ez dira gure ordenantza fiskalak, ez dira sozialistok aurkeztuko genituzkeenak. Zergak eta tasak izoztearen alde gaude gu horren gogorrak eta ekonomikoki horren zailak diren garaiotan. Abstentzioaren alde egin dugu uste dugulako ez dela garrantzitsua bakarrik nola biltzen den dirua baizik eta nola inbertitzen den gero. Horregatik abstenitu gara, ondoren aurrekontuen lanketan eragin nahi dugulako, 2022koak ahalik eta aurrekontu progresiboenak izan daitezen", esan zuen PSE-EEren bozeramaile Alberto Alonsok. 

Energia horniduraren gaineko bi mozio

Bestalde, gai zerrendaz kanpoko bi mozio ere landu ziren udalbatzan. EH Bilduk energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartzeko neurrien inguruan aurkeztu zenak aurrera egin zuen EAJren kontrako botoarekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin. Aldiz, EAJk energia trantzisioaren gainean aurkeztutakoa aho batez onartu zen, betiere Udal Gobernuak nabarmendu ostean mozioaren azalpenarekin desados egonda ere eskaerekin bat egiten daudelako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak