Egia eta justizia eskatzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urr. 24a, 17:25

Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, Ricardo Zangitu, Rufino Akizu eta Jose Garaikoetxea, orain dela 85 urte fusilatu zituzten Osintxun, eta gaur, domeka, omendu dituzte fusilatu zituzten tokitik metro gutxira dagoen monolitoaren aurrean.

Bi helburu nagusi izan ditu gaurko ekitaldiak, antolatzaile taldeko kide Iñaki Etxaniz Alberdik azaldu duen moduan. "Alde batetik, senitartekoek hainbeste urtetan isilean mantendu behar izan duten min hori eta amorru hori aitortu eta gure egitea; eta, bestetik, orduko oinordeko politikoak, hemengo fusilatuen oinordeko politikoak, gaur egunean ere indarrean daudela eta euren asmoak, ordukoak eta gaurkoak antzerakoak dira, eta hori berriz gertatu ez dadin gogoan edukitzeko. Bost lagun fusilatu zituzten, baina zazpi izan ziren atxilotu zituztenak, Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, Ricardo Zangitu, Rufino Akizu eta Jose Garaikoetxeaz gainera, Anbrosio Agirre eta Felipe Garmendia ere atxilotu zituzten,  baina azken bi horiek zorte hobea izan zuten. Agirrek, fusilatu baino minutu batzuk lehenago ihes egitea lortu zuen eta Garmendia, berriz, askatu egin zuten, bere lantegiko bazkidearen bitartez".

Omenduen senitartekoak eta auzotar asko batu dira gaurko ekitaldian, horien artean zegoen Jon Iñarra Zarrabe, Tomas Iñarraren iloba eta Ildefonsoren loba. "Nire aitita eta haren anaia fusilatu zituzten hemen. Aititaren anaia sindikalista zen eta aitita Errepublikaren azken hauteskundetan mahaian egon zen, eta uste dugu horregatik eraman zituztela, baina ez dakigu ezer seguru".

Etxe askotan ez moduan, Iñarrarren etxean ez ziren halako gertakariak ezkutatzen. "Bai amaren partetik eta bai aitaren partetik ere gauza asko pasatu izan dira. Betidanik bizi izan ditugu kontu horiek. Halako ekitaldiak beharrezkoak dira, ona da gure artean elkartzea. Frankoren denboran ere elkartzen ginen, meza klandestinoak egiten ziren Mekolaldeko taberna baten azpiko lokalean. Umea nintzen, baina ondo gogoratzen ditut meza horiek. Ondo dago halako ekitaldiak egitea eta gertatu zena gogoratzea, halako gehiago ez daitezen errepikatu". 

Ekitaldi "xumea eta gertukoa"

Osintxuko plazatik monolitorainoko martxa egingo dute lehenengo eta lore eskaintzaren ondoren, Xabier Arregi Txapik, idatzitako testua irakurri du Etxanizek eta ostean, Harkaitz Allurren gerra garaiko soinuaren doinuekin aurreskua dantzatu du Joanes Plazaolak, gero. Ekitaldia borobiltzeko Maite Aristegik fusilatuen senitartekoei babesa adierazteko sortutako bertsoak abestu dituzte guztien artean. "Nahiz eta urteak pasatu oraindik egia argitzeke dago eta gertatu zena gogoratzea ezinbestekoa da. Bertsoekin adierazi gura izan dugu gogoan ditugula eta babesa eman nahi diegula euren senitartekoei. Egia jakitea nahi dugu, eta barkamena eskatu ez dutenek barkamena eskatu beharko luketela uste dugu".

Egia, justizia eta erreparazioa helburu, Osintxuko auzotarrek aurrerantzean ere, omenaldi-ekitaldi gehiago egiteko asmoa adierazi dute.

Erlazionatuak

Osintxuko oroimen ekitaldiko argazkiak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021 urr 24 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak