J.M. Mulet eta ekologismo erreala, ZTB jardunaldien lehen saioko protagonista

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 21a, 09:42

Jose Miguel Mulet zientzia ikertzaile eta dibulgatzailea atzoko saioko une batean

Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia jardunaldien baitan, Ekologismo erreala. Zientziaren ikuspegitik, zer egin dezakezu planeta babesteko hitzaldia eskaini zuen atzo J.M. Mulet zientzia ikertzaile eta dibulgatzaile valentziarrak. Azaroaren 21a bitarte egingo diren zazpi hitzaldietatik lehena izan zen atzokoa.

Atzo eman zitzaion hasiera Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia (ZTB) jardunaldiaren zazpigarren edizioari. Bergarako Udalak, Laboratorium Zientzia Museoak eta Enpresarek antolatutako ekimenaren baitan egingo diren zazpi hitzaldietatik lehena izan zen Jose Miguel Mulet zientzia ikertzaile eta dibulgatzaile valentziarrak eskainitakoa. Hitzaldiez harago ere izango da non gozatu, astean Hemen Debagoiena saioan egindako erreportajean azaldu bezala.

Ekologismo erreala. Zientziaren ikuspegitik, zer egin dezakezu planeta babesteko hitzaldia klima-aldaketan eta ingurumenaren zaintzan oinarritu zen, beti ere ikuspegi zientifikotik abiatuta. Ingurumenaren zaintzari eta gizakien elikadurari begira, "aukera iraunkorrenetako bat" intsektuetatik etorriko litzateke Muleten arabera, eta intsektuak landatzeko apustua egingo luke. Hala ere, intsektuen bidezko elikadura gaur egun "arazo kulturala denez", ingurumenean "eragiten ari garen inpaktua murrizteko" arrain, fruta eta barazki gehiago eta haragi gutxiago jatea proposatu zuen Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Biotekonologiako katedradunak. Ondoko estekan dago hitzaldi osoa ikusgai.

Hilaren 27an hurrengoa

Datorren eguaztenean, urriak 27, egingo da ZTB jardunaldietako bigarren hitzaldia. Kasu honetan, Robotika Inklusiboa eta Adimen Artifiziala komunitate osoaren onerako: erronka etikoa gaia hartuko du hizketagai Txetxu Ausin zientzialariak, eta Seminarixoan bertan zein online jarraitzeko aukera egongo da.

Informazio osatua zein egitarau osoa ztbergara.eus webgunean dago eskuragai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak