Badatoz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 18a, 19:25

Gaur egin dute 2021eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak (ZTB) aurkezteko agerraldia; zazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Dibulgazioa helburu, "eragileen arteko elkarlana" nabarmendu dute antolatzaileek; urriaren 19tik azaroaren 21era bitartean askotariko tailer, hitzaldi, lehiaketa eta erakusketa izango dira.

Sustapen, berrikuntza eta ekintzailetasunerako zinegotzi Ainhoa Letek, jardunaldion helburua zientzia, teknologia eta berrikuntza "esparru guztietara" gizarteratzea dela gogora ekartzeaz gain, "elkarlanaren balio erantsia" azpimarratu du: "Hilabetez egingo diren jarduerak antolatzeko lantalde bat aritzen da hilabete luzez lanean, udaleko eta Laboratoriumeko kideekin elkarlanean. Aurten 17 eragilek egin dituzte ekarpenak".

Gainera, Bergarak zientziarekin eta dibulgazioarekin duen tradizio historikoa ere aipatu du Letek: "Kultura zientifikoaren dibulgazioan ekarpena egin nahi dugu. Zazpigarrena izango da aurtengoa, ekarpen interesgarriak egiten dituzte bertan parte hartzen duten aditu eta arituek. Eta Bergaratik kanpora ere heltzen da ekarpen hau. Ezin dugu ahaztu Bergarak historian zehar, eta bereziki XVIII. mendean, Errege Seminarioaren bitartez zientziarekin eta dibulgazioarekin izan zuen lotura". 

Gizartea "zientziarazi" nahi

Laboratorium museoko arduradun Rosa Errazkinek, berriz, gizartea "zientziarazi" beharra dagoela dio: "Beharrezkoa da jende guztiari zientzia gerturatzea, nolabait zientziaratzea. Bereziki nabarmen ikusi baita hutsune hau pandemia garaian [...]. Askotariko hartzaileak izaten dituzte jardunaldi hauek, eta hori ere bada aberasten dituen ezaugarrietako bat. Jarduera batzuk gaian adituak direnei zuzendutakoak badira ere, beste asko publiko orokorrari begirakoak dira. Bereziki iruditzen zaigu interesgarria ikastetxeen bitartez gazteengana heltzea, erakargarri zaizkien formatuen bitartez".

Euskarari keinua ere bai

Garapen saileko teknikari Marije Unamunok egitarauaren berri eman du eta, azpimarratzekoen artean, esan du euskararen gaia txertatu dutela 2021eko jardunaldietan: "Euskararen gaia ere txertatu dugu aurtengo jardunaldietan. Euskara Adimen Artifizialaren garaian izenburupean mahai-ingurua egingo dute Eusko Jaurlaritzako Miren Dobaranek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Joxean Amunarrizek eta Elhuyarreko Josu Aztiriak. Euskarari lotuta, herritarrei auzolanerako deialdi bat ere egingo diegu. Azaroaren 13an, Librezale.eus-ek gidatuta, Euskarazko ahotsen grabaketa maratoia, teknologiarekin euskaraz aritzeko auzolan digitala izango da".

Ikastetxeekin batera

Miguel Altuna Lanbide Heziketako Oihana Garmendiak ere hartu du parte agerraldian; scape room bat antolatu dute, besteak beste: "Ikasleek hitzaldiak jasoko dituzte adituengandik, adibidez, baina are garrantzitsuagoa eta emankorragoa iruditzen zaigu haiengana hurbiltzeko bestelako ekitaldiak egitea. Hala nola, zientziako esperimentuak egingo ditugu eta escape room teknologikoa egingo dute LH5 eta LH6ko ikasleek". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak