Batzar Nagusien babesik ez du Angiozarrek, oraingoz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 14a, 20:46

Angiozar bailararen ikuspegi panoramikoa, 2021eko uztailean.

Eguazteneko bilkuran landu zen Angiozar tokiko entitate txiki izendatzeko ezinbestekoa den 2/2003 foru arauaren aldaketa; EH Bilduk eta Podemosek bat egin arren, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten; betiere, Batzar Nagusietan lantalde bat sortzera zabalik.

Tokiko entitate txiki izendapena lortzeko bidea nabarmen zailduko zaio Angiozar bailarari. 2020ko uztailean jarri zuen martxan Angiozar Bailarako Batzarrak izendapen hori jasotzeko prozesua, burujabetza handiago baten bila.

EAJ eta PSE-EE, kontra

Izan ere, 2020ko uztailean abiatutako prozesuak eguazten honetan jaso zuen lehenengo erantzun ofiziala politikarien aldetik. Hain zuzen, urriaren 13an landu zen gaia Gipuzkoako Batzar Nagusietan, orduan bozkatu zuten-eta Donostian Angiozar Bailara Batzarrak egin zuen foru arauaren moldaketaren bozketa. EH Bilduk eta Podemosek bere egin zuten Angiozarren eskaera, baina EAJk eta PSE-EEk aldaketaren aurka bozkatu zuten.

Honela dio, besteak beste, Angiozarren eta Itsasoren eskaerei erantzutera datorren kontrako botoaren azalpenak: "Aldundiak beharrezko ikusten du Itsasok eta Angiozarrek adierazitako nahiari erantzutea, baina egokiena litzateke 2/2003 foru arauaren berrikuspenaren esparruan jorratzea; eta berrikuspen hori egokitu egin beharko litzateke araua indarrean jarri zenetik oinarrizko izaeraz onartu diren lege-aldaketetara eta aldaketa horiek lurralde historikoetan aplikatzeari buruzko epaietara. Halaber, Aldundiak egoki ikusten du gaiari buruzko hausnarketa zabalagoa eta osoagoa egitea, Batzar Nagusietan lantalde edo ponentzia bat sortuz bideratu daitekeena".

Azken ñabardura horren bueltan egin du prozesuaren garapenaz arduratzen ari den talde eragileko Unai Asurmendik emaitzaren lehen balorazioa: "Gaia modu sakonean eta kolektiboan jorratzeko asmoz laster Angiozar Bailara Batzarra deituko dugun arren, lehen balorazio positibo bat egin nahi dugu. Zergatik? Aldundiak Angiozarren nahiei erantzun egokia eman behar zaiela onartu eta ponentzia bat irekitzeko egokitasuna adierazi duelako. Eta horixe bera da Angiozarrek eskatu duena".

110 bizilagunek hartu dute parte inkestetan, talde eragileak espero baino gutxiago

Hala ere, Asurmendik onartu du eurek nahiko luketen erritmoa geldotu egingo duela eguazteneko bozketan ezezko emaitza jaso izanak: "Guk biharko nahiko genukeena etziko helduko litzateke heltzekotan, baina irakurketa baikorra egin nahi dugu. Bailarako premiek lehentasun handiagoa duten arren, gutxieneko onespena aldaketaren lehen urratsa izan daiteke".

Burujabetza handiagoa helburu

Bergarako Udalarekin orain arte egin diren lanketek emaitza emankorrik eman ez zutela iritzita, hiru abantaila nabarmendu zituen Asurmendik. "Lehendabizikoa eta inportanteena, burujabetza. Gai izango ginateke Jaurlaritzara, Diputaziora edota Udalera gure kabuz aurkezteko. Adibide bat: AHTaren obrak direla-eta gonbidatu moduan joan behar izaten dugu orain arte, eta nahi duguna da entitate moduan aurkeztu. Bigarren abantaila oso garrantzitsu bat seigarren kapitulua da; hau da, dirua. Inbertsioak egiteko eta eskatzeko aukera emango liguke. Eta, hirugarrenik, zerbitzuen deszentralizazio bat ahalbidetuko luke eta uste dugu hori egungo zentralizazioa baino eraginkorragoa litzatekeela".

110 inkesta jaso dituzte

Bestalde, talde eragileko kideek ez dituzte bailaran espero zituzten emaitzak jaso. Izan ere, bizilagunen artean inkesta luze eta mardul bat atera zuten udan Siadeco enpresarekin batera, angiozartarren "benetako iritzia" jasotzeko. "110 inkesta jaso ditugu, nahi baino gutxiago. Hala ere, herritarren iritziak jasotzeko balioko du. Emaitzak lantzen ari gara, eta haiekin batera, eztabaida talde fokalekin jarraitzen dugu, eta baita ondasun zein zerbitzuen azterketarekin".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak