Angiozar burujabeagoa nahi bada, bizilagunen inplikazioa beharko dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 23a, 15:36

Angiozar Tokiko Entitate Txiki izendatzeko prozesuko talde eragileko Ramon Loiti, Ainhoa Larranaga eta Unai Asurmendi.

Tokiko Entitate Txiki izendapena jaso eta autogestiorako ahalmen handiagoa lortzeko asmoz lanean diharduen talde eragileak partaidetza prozesua abiatu du, Angiozarko bizilagunen "benetako iritzia" zein den jakiteko; oraingoz, espero baino inkesta gutxiago jaso dituzte.

2020ko uztailean jarri zuen martxan Angiozar Bailarako Batzarrak Tokiko Entitate Txiki izendapena jasotzeko prozesua. Estatus juridiko berri horrek "autogestiorako ahalmen handiagoa" emango lioke Angiozarri, baina ez luke udalerri baten eskumen berberak izatea ekarriko: "Ez da udalerri bihurtzea, baina entitate juridiko publiko bilakatu eta guk geuk gutxieneko eskuduntza batzuk Bergarako Udaletik deszentralizatzea ekarriko liguke".

Hori bai, bizilagunen "benetako iritzia" jaso nahi dute prozesua gidatzen ari diren talde eragileko kide Ainhoa Larrañagak, Garbiñe Elortzak, Ramon Loitik eta Unai Asurmendik, eta, horregatik, besteak beste, Siadeco enpresaren bitartez inkesta bat abiatu zuten angiozartarren artean. Gaur, uztailak 23, amaitzen zaie epea bizilagunei inkestok betetzeko.

Bereziki, hiru abantaila

"Bailara berpiztea" da prozesuaren azken helburua, orain arte egin diren lanketek emaitza emankorrik eman ez dutela iritzita, eta honela azaldu dute zer lortuko lukeen Angiozarrek izendapen hori jasoko balu. "Lehendabiziko abantaila eta inportanteena, burujabetza. Gai izango ginateke Eusko Jaurlaritzara, Gipuzkoako Foru Aldundira edota Udalera gure kabuz aurkezteko. Adibide bat: AHTaren obrak direla-eta gonbidatu moduan joan behar izaten dugu orain arte, eta nahi duguna da entitate moduan aurkeztea. Bigarren abantaila oso garrantzitsu bat seigarren kapitulua da; hau da, dirua. Inbertsioak egiteko eta eskatzeko aukera emango liguke. Eta, hirugarrenik, zerbitzuen deszentralizazioa ahalbidetuko luke Tokiko Entitate Txiki izateak, eta uste dugu egoera hori gaur egungo zentralizazioa baino egokiagoa litzatekeela", adierazi du talde eragileko kide Unai Asurmendik.

Foru araua aldatu beharra

Helburua lortzeko oztopo nagusia da Gipuzkoako 2/2003 foru araua. Arau horrek herrigune izateko gutxieneko 500 biztanleko kopurua ezartzen du, eta Angiozarren 300 pertsona daude erroldatuta. Lanketa horrek urrian jarraituko du Batzar Nagusietan, Asurmendiren arabera. "Prozesuak bi azpiprozesu ditu: batetik, eztabaida politikoa dago; burujabetzarako bide horretan tokiko entitate izendapena jasotzen ez badugu ere, deszentralizaziorako beste aukera batzuk eman ahal dizkiguten figurak ere ari gara arakatzen, eta, horretarako, abokatu batekin gabiltza. Gaur egun, gaia Batzar Nagusietan dago, foru arauaren aldaketa proposamena egin genuenetik; lanketa horrek urrian jarraituko du. Beste azpiprozesua da Angiozarren abiatu dugun partaidetza-prozesua".

"Borrokatuz gero, lortuko dugu"

Talde eragileko kideak sinistuta daude izendapena jasotzea ona litzatekeela Angiozarrentzat, baina baita Bergararentzat ere. Harago joanda, Gipuzkoan antzeko egoeran dauden beste herriguneekin "mugimendu bat" sortu nahi dute. "Igeldorekin, Itziarrekin, Ereñotzurekin, Ezkio-Itsasorekin... Antzeko izaera eta demanda dutenekin mugimendu bat sortu behar dugu, aldarrikapena ez dadin Angiozarrera mugatu", uste du Ainhoa Larrañagak. Euren aldarrikapenei etorkizunik ikusten dioten galdetuta, honako hau dio Larrañagak: "Uste dut borrokatzen jarraitzen badugu lortuko dugula, badut esperantza".

Ezin dute gehiago itxaron

Gaur egungo Bergarako Udal Gobernuarekin harremana "oso ona" izan arren, ez dute nahi zain egon: "Uste dut ulertzen gaituztela. Baina hitzak eta ekintza ez dira gauza bera eta horregatik erabaki dugu gehiago ez itxarotea. Juridikoki ondo argudiatua dagoen partaidetza prozesuak eta abokatuarekin landu dugun txosten teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa onak dira Angiozarrentzat eta Bergararentzat", uste du Asurmendik. Udal Gobernuak adierazi du beste administrazio baten tramitazioaren arabera abiatuko dutela ekinbidea, Angiozarrek bere kabuz egin beharreko bide bat dela ulertuta; Gipuzkoako 2/2003 foru araua aldatzea lortzen bada berba egingo dutela.

Itziar eta Ereñotzu adibide

Angiozarrek duela urtebete abiatutako prozesuaren helburua lortu eta Tokiko Entitate Txiki izendapena lortuko balu, Gipuzkoako 89 udalerrien artean atzetik hasita hamabigarrena litzateke, biztanleriari erreparatuta. Gaur-gaurkoz, Itziar eta Ereñotzu dira, Gipuzkoan, Angiozarrek nahi duen estatus juridikoa duten bakarrak.

Inkestekin, "zapore gazi-gozoa"

Siadeco enpresaren bidez parte hartze prozesu bat abiatu dute, bizilagunen "benetako iritzia" jasotzeko. Prozesuaren barruan "bide eta urratsak egiten ari diren" hainbat eztabaida talde eta elkarrizketa egiten hasiak dira eta galdetegi bat ere prestatu dute, gaur arte bete daitekeena. "Prozesua abiatzea oso interesgarria izan da alderdi politikoen borondatea ezagutzeko, baina bereziki inportantea da benetan jakin ahal izango dugulako angiozartarrok benetan nahi dugun autogestio maila handiagoa lortzeko borrokan jarraitzea".

Inkestak gaur arte bete daitezke, eta, beraz, emaitzen azken daturik ezin da jakin oraindik. Hala ere, talde eragileko Ainhoa Larrañagak eguazten arratsaldean egindako azken kontaketaren arabera, 90 inkesta inguru jaso dituzte. "Ez dakigu azken kopurua zein izango den, baina zapore gazi-gozoa geratzen zaigu. Siadecok 270 inkesta jasotzea lagin esanguratsua lortzea izango zela esan zigun, baina aitortu digute 16 urtetik gorakoendako inkestak izanik lagin esanguratsu hori txikiagoa izango dela. Halere, zapore gazi-gozoa geratu zaigu", adierazi du Larrañagak. Inkestak "mamitsuak" izanik, hainbat bizilagunen artean zalantzak sortu direla uste dute. Irailean espero dute "indarberrituta" itzuli eta angiozartarren benetako nahia zein den jakiteko beste saiakera bat egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak