'Bergara 2030 egin herrixa' plana: ekintza planaren zirriborrorako bilera urriaren 5ean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ira. 30a, 15:56

'Bergara 2030 egin herrixa' planaren barruan egindako bileretako bat.

2030era begira Bergara nolakoa izan behar den zehaztea helburu duen egitasmorako ekintza plana egin aurretik bilera irekia deitu du Udal Gobernuak urriaren 5erako, Seminarixoan (18:00). Orain arteko lana aurkeztu ostean UNEDera joango dira arloka lan egiteko. 

Bergara 2030 egin herrixa plana ekintza plana definitzen ari da: "Herriko elkarteekin landu da gaia, eta asko aurreratu da. Prozesu honen oinarrietako bat da udalak, eragile sozialak eta herritarrak norabide berean lanean jartzea, eta hiru hanken ekarpenekin batera pentsatzea nolako Bergara nahi dugun".

Orain arteko egindakoa herritar guztiekin konpartitu eta haien iritzia jasotzeko bilera irekia deitu dute urriaren 5erako. Hori izango da parte hartzeko azken aukera, eta ekarpen eta zuzenketekin egingo da behin betiko plana.

Herritarren batzordeko arduradun-zinegotzi Ekaitz Aranberrik eragileen lana eskertu du: "Eragileek orain arte izan duten lanerako eta ekarpenak egiteko prestutasuna eskertu nahi ditut Udal Gobernuaren izenean. Sinistu dute etorkizuneko Bergararen diseinuan guztion parte-hartzea beharrezkoa dela, eta jarrera eraikitzailea izan dute. Herritarrek ere, egin diren aurreko saioetan ere, jarrera positiboa eta ekarpengilea izan dute, eta hurrengoetan ere horrela izango delakoan nago. Guztion ekarpenekin egingo dugu plan estrategiko ona".

Gogora ekartzeko plan honen helburua 2030. urtera begira jarri eta datozen urteetan Udalaren jardunaren iparra izango den plangintza bat herritar eta eragileekin definitzea da. Diagnostikoa osatu zen, herritar, eragile eta udal langileekin hainbat lan saio egin dira, eta nolako Bergara nahi den adostu zuten.

Hitzordua urriaren 5ean, 18:00etan izango da Seminarixoan. Bertan, orain artekoaren aurkezpen laburra entzun ondoren, taldeka banatuta UNEDera joango dira parte-hartzaileak, arloka, banatutako taldetan planaren zirriborroari aldaketak eta ekarpenak egiteko.

UNEDean bederatzi talde osatuko dira, eta talde bakoitzean egongo dira arlo hauetako udal arduradun teknikoa eta politikoa:

-Hirigintza eta mugikortasuna.

-Ingurumena.

-Garapen ekonomikoa.

-Kultura.

-Kirola.

-Gizarte arloa.

-Hezkuntza eta euskara.

-Gobernantza.

Planaren inguruko informazio eguneratua dago udaleko webgunean eta aurkeztuko den zirriborroa aurrez begiratzeko aukera ere izango da webgunean bertan.

Oxirondo azokako prozesua

Plan honen barruan, Oxirondo Azokaren inguruko hausnarketa prozesu bat ere gauzatu da. Prozesuak Landa garapenaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du. Azokako postuetako ordezkariak, zapatutako baserritarrak, Ereindajanek, Udalak eta Landa Garapenak parte hartu dute. Ondorio nagusia izan da gai desberdinak landu behar direla arlo horretan, eta lanketa propioa egiteko lan-taldea osatu beharra ikusi da. Datozen hilabeteotan horretan arituko da Udala.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak