Bergarako Udalak kale-edanaren inguruko lan pedagogikoa egiteko ekimena abiatuko du

Jone Olabarria 2021ko ira. 23a, 16:06

Udalbatza osatzen duten hiru alderdiek –EH Bildu, EAJ eta PSE-EE– adostu dute ekimena, eta gazteekin lotura duten eragileekin bilera erronda egingo dutela jakinarazi dute. Helburua kale-edanean aritzen direnak "kontzientziatzea" da, "gaueko aisialdiak bizilagunei eragozpenik sor ez diezaien eta zikinkeriarik sor ez dezan".

Bergarako Udalak adierazi duenez, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, "ugaritu" egin den ohitura da kale-edana. Azkenaldian "arazo" bilakatu den gaia dela zehaztu dute, "jende-talde multzo desberdinek dituzten beharrak kontra jartzen direlako, bizikidetza arazoak sortuz": "Gaueko aisialdi mota horrek bizilagunengan atsedenerako eragozpenak sortzen ditu, eta zikinkeria sortzen du".

Kale-edana herrigunetik kanpoko bestelako guneetan egiteak ere "kezka" sortzen duela azaldu dute: "Bertan ez da bizilagunen atsedenerako eskubidea urratzen, baina zikinkeria sortzen da, ingurumenari kalte egiten zaio eta bestelako arrisku batzuk sor daitezke".

"Ulertzen dugu egoerarekin nekatuta zaudetela"

"Kale edanean aritzen diren gazteei" mezu bat helarazi nahi izan die Udalak: "Ulertzen dugu egoerarekin nekatuta zaudetela, helduok ere bai, aisialdirako eta sozializaziorako aukerak erabat mugatuta izan dituzuela, eta orain ere egoera ez dela xamurra, baina eutsi beharra daukagu gaur egungo larrialdi egoera amaitzear dagoelako. Eta badakigu askotan ez dituzuela ulertzen erakundeok hartzen ditugun erabakiak. Askotan gazteengan bakarrik jarri da begirada. Baina zuek ere ulertu behar duzue kale-edanak zikinkeria eta zarata sortzen duela eta auzotarrek ezin dutela lorik egin".

Konponbide bila, "elkarrizketa eta errespetua"

Udaletik zehaztu dute arazoa "globala" dela, eta erantzunak ere hala behar duela, baina herri mailan konponbidea emateko asmotan, arazoa "elkarrizketaren eta errespetuaren bitartez" bideratu nahi dute: "Gazteekin lotura duten eragileekin bilera erronda egingo da. Haien iritzia ere entzun nahi dugulako. Eragile bakoitzak dagokigun erantzukizunez jokatu behar dugu, arazo honen aurrean errespetuz jokatuz. Izan gazte, heldu, guraso, hezkuntza-komunitateko kide, arduradun politiko...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak