Irailak 16 ditu gaur, San Martin eguna. Egun berezia Bergaran, pandemiarik ez balego bergararrak jaietan egongo zirelako. Ohiko festarik ez, baina egun honetako klasiko bat izan ohi zen musika bandaren kontzertuak ez du hutsik egin. COVID-19ak zuzenean eragin die musikariei entseatzeko orduan eta bandako zuzendari Enrike Txurrukaren arabera, ezin izango dute egoera apur bat normaldu arte zailtasun handiko obrarik landu. Horregatik pena handiz alde batera utzi behar izan dute egun berezi honetarako horren bergararra den San Martin obra. Hori bai, kontzertuko egitarauan ez dira falta izan San Martin kutsuko obrak, udal pilotalekura hurbildu diren herritarren gozamenerako. Mailarik onena ez emanda ere, bandak ez du-eta kale egiten.
Bestalde, atzo iluntzean ireki zuen Xaxau konpartsak plazan egokitu duen gunea. Zapatura bitartean kultura emanaldiak izango dira protagonista 110 lagunendako edukiera duen gunean. Euria tarteko, nahiko kaotikoa izan zen gunearen irekiera baina xaxautarrek diotenez, ia bi urteko etenaldiaren ostean merezi izan du lana hartzeak. Hori bai, pandemiara egokitutako txosnagunea da.
Atzo Nikotina taldea izan zen oholtzara igo zen taldea eta euriak emanaldia baldintzatu bazuen ere giro ederra izan zen plazan. Gaur Willis Drumond taldeko Iurgi Ekiza, Niala Magoa, Sukena eta Mila Modu izango dira; bihar, Bergarako Katarsia eta June Odriozola, eta Antzuolako Udazken taldea; eta zapatuan, besteak beste, txomingero bazkaria eta Toc zein Ibil Bedi taldeak izango dira.
Tabernari baten kexa Udalean
Xaxauren guneak ilusioa piztu du bereziki gazteen artean baina bada gune hori jartzearekin ados ez dagoenik ere. Tabernari bat idatziz kexatu da Udalean terraza ordenantzak gehienez hamar mahai jartzea uzten duelako eta Xaxauren gunean mahai gehiago daudelako. Udal Gobernuak GOIENAri erantzun dio esanez gauza bat ordenantza dela eta beste bat ekintza puntualetarako egokitzen diren guneak, betiere irabazi asmorik gabeko elkarteek kudeatzen dituztenak, eta zapatuko ferian seminarioan jarri zen odolosteak jateko gunea jarri dute adibide moduan.
Gorabeherak gorabehera, kultura eskaintza herrikoi baten alde egin du Xaxauk eta betiere arduratik guneaz gozatzeko deia egin die bergararrei.