Presidente aldaketa Bergarako saskibaloi sailean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ira. 10a, 07:22

2007a ezkero Bergara Kirol Elkarteko saskibaloi saileko presidente izan den Marian Melladoren lekukoa hartu berri du Ion Beistegik. 14 urte hauetan egindakoaz pozik eta lasai doa Mellado; Beistegik gogotsu ekin dio karguari, gazteenak erakartzea lehenetsita. Bestalde, hurrengo hitzordu garrantzitsua gaur, irailak 10, izango dute; Bergara Hiria txapelketaren bila etorrik dira IDK Euskotren eta Barakaldo.

Labegaraietako kiroldegi berrituan elkartu ditu kazetariak Marian Mellado (Bergara, 1967) eta Ion Beistegi (Bergara, 1984). Lehena 2007a ezkero Bergara Kirol Elkarteko saskibaloi saileko presidentea izan da, eta bigarrenak lekukoa hartu berri dio lehenari. Beistegirekin batera zuzendaritzako kide izango dira Borja Elkoroberezibar, Xabat Irazola eta Aitor Esnaola. Hori bai, talde berriak, orain arte moduan, gurasoen ezinbesteko laguntza jaso beharko du denboraldi osoan zehar. 

Beistegirekin batera zuzendaritzako kide izango dira Borja Elkoroberezibar, Xabat Irazola eta Aitor Esnaola.

Zortzi talde ziurtatuta

2021-2022 denboraldira begira ere pandemiak inkognita batzuk argitzeke dituen arren, saskibaloi saila gogotsu dago ligari ekiteko. Irailaren 18ko eta 25eko asteburuetan ekingo diote denboraldiari eta aurten ziurtatuta dituzte zortzi talde. Emakumezkoetan lau talde izango dituzte, seniorretan, gazte mailan, kadeteetan eta infantil mailan talde bana. Gizonezkoetan ere lau talde daude: senior mailako bi talde, gazte mailako talde bat, kadeteetako bat eta infantil mailakoa osatu nahian ari dira.

Oraingoz zortzi talde dituzte ziurtatuta denboraldi berrirako, emakumezkoetan lau eta gizonezkoetan beste lau. Eskola indartzea dute begiz jota. 

Beistegik dioenez, denboraldi honetako helburu nagusien artean dutelako eskola indartzea: "Zortzi talde izatea pozgarria; hori bai, saskibaloi eskolan talde bat eratzeari garrantzi handia ematen diogu". Aintzat hartu behar da pandemia aurretik 120-130 neska-mutiko mugiarazten zituela BKEko saskibaloi sailak.

Kiroldegi berrituarekin pozik

Neska-mutikoak erakarri nahian saskibaloia probatzeko dei egin du presidente berriak: "Giro oso ona dugu. Entrenatzaile gazteak ditugu eta ondo formatutakoak dira, oso gogotsu dabiltzanak; uste dut neska-mutikoek asko ikasi dezaketela entrenatzaile hauekin. Kirol guztiak probatu behar dira, baina niri dagokit saskibaloirako dei egitea, ez zaie-eta damutuko".

Hain zuzen ere, martitzen arratsaldean Labegaraietako kantxan gogor entrenatzen ari zen kadete mailako nesken taldea jarri du adibide moduan: "Bi edota hiru urte daroate saskibaloian eta dena ematen dute kantxan, oso gustura ari dira". Denboraldi berrira begirako nobedadeen artean dago, zalantza barik, kiroldegi berrituaz gozatzeko aukera izango dutela. Pozik dago Beistegi emaitzarekin: "Ondo dago, oso itxura ona dauka. Neguan hotzetik babestuko gaituela espero dut; jokalariek eskertuko dute, eta baita ikusleek ere. Espero dugu harmailak beteta ikusi ahal izatea".

Ondo ezagutzen du kluba

Aspaldi harrapatu zuen saskibaloiak Beistegi: "13 urte nituenetik nabil saskibaloira lotuta, hasieran jokalari moduan eta gero 12 urte egin nituen entrenatzaile. Zuzendaritzan ere egondakoa naiz... Kluba ondo ezagutzen dudala esan daiteke". Kluba ondo ezagutzeaz gain, Gipuzkoako gainerako taldeekin badu harremana; horren adibide da GBC taldeak Labegaraietan jokatuko duela Urrezko LEB Ligako denboraldiaurreko partidu bat: "Aurreko astean Aitor Uriondok [GBCko entrenatzailea] deitu zidan Zarautzen jokatzekoak ziren partidu baterako zailtasunak zituztela obrengatik eta galdetu zidan ea Labegaraietan jokatzerik izango zuten". Irailaren 18an jokatuko du Donostiako taldeak, Clavijo Logroñoren aurka (19:00).

Irailaren 18an GBC taldeak Clavijo Logroñoren aurka neurtuko ditu indarrak Labegaraietan (19:00)

Melladoren "lan handia"

Melladoren agintaldiko bereizgarri bat izan da saskibaloia ohiko kantxetatik atera eta kirola herrian errotzeko saiakera. Horren adibide dira hiruko txapelketak, Gabonetan zein udan San Martin plazan, udal pilotalekuan eta Labegaraietan antolatu zirenak. Gainera, euren lana herrian ezagutzera emateko ahalegin berezia ere egin du Melladoren taldeak, eta horren adibide dira, besteak beste, irailean San Martin plazan egin ohi zuten talde guztien aurkezpena. Horrez gain, Euskadiko Federazioan "lan handia" egindakoa ere bada Mellado: "Eskertu beharrean gaude", dio Beistegik. 

IDK Gipuzkoa eta Errioxako Promete, Bergara Hiriaren lehen edizioan.

Bergara Hiriaren hirugarrena irailaren 10ean

Gaur, irailak 10, goi mailako saskibaloia izango da protagonista Labegaraietan: Bergara Hiria emakumezkoen saskibaloi txapelketaren hirugarren edizioa jokatuko da, 19:00etan. Aurreko edizio guztietan moduan, IDK Euskotren taldea etorriko da eta aurten Barakaldoren aurka neurtuko ditu indarrak.

Irailaren 10ean jokatuko da Bergara Hiria txapelketaren hirugarren edizioa, Labegaraietan (19:00): IDK Euskotren, Barakaldoren aurka.

Sarrera doakoa izango dela aintzat hartuta, Melladok ez du zalantzarik izan herritarrei Labegaraietara hurbiltzeko dei egiteko: "Emakumeen saskibaloia bultzatzeko asmoz sortu genuen eta IDK moduko talde bat ekartzea neska gazteendako pizgarri izan daitekeela uste dugu".

Irailaren 18an GBC Gipuzkoa

Bestalde, irailaren 18an, gizonezkoen Urrezko LEB Ligan jokatuko duen GBC Gipuzkoak denboraldiaurreko partidu bat jokatuko du Labegaraietan (19:30), Clavijo Logroñoren aurka. Sarrera doakoa izango da partidu horretan ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak