Nola iritsi zarete aurkikuntza hori egitera?
Lankidetza ezberdinak ditugu, eta garrantzitsuenetako bat da Bordeleko INSERM taldearekin egiten duguna. Frantziako ikerketa instituzio nazionala da hori –Espainia mailan CSIC moduan ezaguna–. Elkarlanean ikertzen ditugu molekula jakin batzuk, eta horien artean dago furina izena daramana, minbizi batzuetan aurrera egiteko funtzio garrantzitsua betetzen duena. Hala, pandemia iritsi zenean talde horretako Majid Khatib arduradunaren deia jaso nuen, eta esan zidan irakurri ote nuen furinaren deskribapen zientifikoa. Azaldu zidan furinak paper oso garrantzitsua jokatzen zuela SARS-CoV-2a gorputzera sartzen denean, izan ere, lagundu egiten dio birusari gure gorputzeko zelulekin elkartu eta barruraino sartzen.
Puntu horretatik abiatu zineten?
Bai, orduantxe jakin genuen birusari furinaren laguntza kentzen badiogu, edo, beste era batera esanda, blokeatu egiten badugu, birusak arazoak izango dituela gorputzera sartzeko.
"Jakin genuen furina blokeatuz gero, birusak arazoak izango dituela gorputzera sartzeko"
Zein urrats eman zenuten, gero?
1.000 konposaturen testak egiten hasi ginen ordenagailu bidez, furina blokeatzeko gai zein botika izan daitezkeen ikusteko. Simulazio bidez 1.000 horietako 20rekin geratu ginen, onenekin. Gero horiek laborategian testatzen hasi ginen, birusa blokeatzeko duten gaitasuna neurtu. Hor gailendu zen Sulkonazola, emaitza onenak eman baitzituen.
Eta zer da Sulkonazola?
Antifungiko moduan erabiltzen da; onddoen aurkako pomada moduan, alegia. Jakina, horrek ez du esan gura birusari aurre egiteko denok pomada hori hartzen hasi behar dugunik. Botika hori beste nolabait emateko modua topatu gura dugu.
Nola egingo duzue hori?
EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakasle eta ikertzaileak gara gu, eta gure jakintza era gaitasunak honaino iristen dira. Egindako aurkikuntza patentatu egin dugu, eta bigarren pausua da honi bultzada ematea agentzia regulatzaile ezberdinek onartu dezaten. Izan ere, botika bat asmatzen denean erakunde ezberdinek onartu egin behar dute –tartean, EMAk–, eta aurrez egin behar dira ikerketa oso espezifiko eta berezi batzuk. Baliabide, jakintza eta diru aldetik hutsune handiak ditugu guk horretan: industria farmazeutikoak du horretarako gaitasuna. Horregatik, bazkide bila ari gara orain, eta eurekin aurrera egin ote dezakegun ikusteko.
Zenbat denbora eman duzue guzti hau ikertzen?
Hiru hilabetez izan genuen laborategia itxita pandemiagatik, baina gero, bost hilabete inguru behar izan genituen. Urtarrila edo otsiala inguruan hasi ginen emaitzak ikusten, gutxi gorabehera.
"Pandemian, gure egunerokotasuneko lanak alboratu eta beharrizanetara mugitu gara"
Zein da zuen ohiko lan esparrua?
Minbizia ikertzen aritzen gara egunerokotasunean, baina honek lehentasuna izan du orain. Esan gura dut, pandemia etorri denean zientzialari eta ikertzaileok ikusi dugu gizartean beharrizan larri bat, eta gure egunerokotasueko lanak alboratu ditugu eta horretara mugitu gara, edozein esparrutik etorrita ere. Badakit ikertzaile pila batek egin duela bere ekarpena garai hauetan, eta balioan jarri gurako nuke.