"Bergararen eraldaketa sozialean" eragiteko hitzarmena onartu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 20a, 11:52

"Bergarako herri proiektua eta eraldaketa soziala lantzeko" elkarlan hitzarmena izan zen protagonista atzo, abuztuko oporren aurreko azken osoko bilkuran. Herriko erronkei "eraldaketa sozialetik eta garapen jasangarritik" erantzuteko helburua du akordioak; irailean egingo dute xehetasunen berri emateko aurkezpen publikoa.

Bergarako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Debagoiena 2030 ekimenak, Lanki ikertegiak eta Olatukoop Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Sustatzeko Sarearen artean adostutako akordioa da, herri erronkei ikuspegi jakin batetik erantzutera datorrena. "Eraldaketa sozialarekin eta garapen jasangarriarekin lotutako ekimena da, herriko erronkei ikuspegi horretatik erantzun nahi diona. Debagoiena 2030 ekimenaren markoan kokatzen dugu", adierazi zuen EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik. Bergarako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Debagoiena 2030 ekimenak, Lanki ikertegiak eta Olatukoop Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Sustatzeko Sarearen artean adostutako akordioa da, herri erronkei ikuspegi jakin batetik erantzutera datorrena. "Eraldaketa sozialarekin eta garapen jasangarriarekin lotutako ekimena da, herriko erronkei ikuspegi horretatik erantzun nahi diona. Debagoiena 2030 ekimenaren markoan kokatzen dugu", adierazi zuen EH Bilduko bozeramaile Nagore Iñurrategik.

Proiektuaren aurkezpen publikoa irailean

Irailean egingo dute proiektuaren xehetasunen berri emateko aurkezpen publikoa baina atzoko bilkuran aurreratu zutenez, ekimen pilotu moduan abiatu nahi dute Bergaran. Baina zergatik Bergaran? Honela azaldu du Iñurrategik: "Une baten gurutzatu direlako hainbat aldagai. Badaude herritik sortu diren hainbat proiektu txiki eraldaketa soziala helburu dutenak eta sortu da nahi bat Udaletik D2030 sarearen barruan ere bagaudelako. Borondatea dugu etorkizun jasangarriago batera begirako urratsak egiteko; horregatik, uste dugu berri oso ona dela Bergararendako, urrats garrantzitsuak eman daitezkeela, eta gainera badugu babesa; babesa badugu, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektua izango delako".

EAJk prozedura arazoak salatu ditu, beste behin

Iñurrategik aipatzen duen babes hori, baina, ez zen udalbatzan islatu. Izan ere, EAJ eta alderdi sozialista abstenitu egin ziren; jeltzaleek hitza hartu zuten euren botoaren norabidea azaltzeko eta, beste behin ere, prozedura arazoak salatu zituzten, EH Bilduren gobernuak ez dietela hitzarmenean ekarpenik egiteko aukerarik eman. "Hitzarmena lantzeko ez dugu denborarik izan, eta gai guztiekin gertatzen da. Prozedura ez dute zaintzen; batzordeak jakinarazteko baliatzen dituzte, ez lanketarako. Gogoratu behar dugu 80.000 euroko inbertsioa suposatuko duen hitzarmena dela, 16 hilabetetan banatuko direnak. Ez dugu esaten proiektuaren alde edo kontra gauden, baizik eta ez digutela lanketarako aukerarik eman. Ze kostu erreal dauka proiektu hau garatzeak? Aldundiaren laguntzarik gabe garatzeko aukera dagoela jasotzen da hitzarmenean; hortaz, Aldundiak laguntza bideratuko balu norako izango litzateke diru hori?", galdegin du EAJko eledun Maite Agirrek. EH Bilduk EAJri erantzun zion esanez benetan lanerako borondatea dutenekin lan egiteko gertu daudela.

Ekaitz Aranberriren dedikazioa handitzea

Bestalde, abuztuko oporren aurreko azken bilkuran onartu ziren bestelako gaien artean dago, esaterako, Ekaitz Aranberri zinegotziaren dedikazioa %35eko jardunetik %60ra pasatzea irailaren 1etik aurrera, eta urteko soldata gordina 24.085 eurokoa izatea 14 pagatan ordaintzeko. EAJ eta alderdi sozialista abstenitu egin ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak